Motibo asko dago Wikipedia entziklopediaren alde egiteko. Hona hemen banaka batzuk:
- Fidagarria da. Wikipediak baditu akatsak, beste entziklopediek dituzten bezala, baina akatsok oso bizkor zuzentzen dira, besteetan ez bezala. 2004an Alex Halavais Buffaloko Unibertsitateko irakasleak 13 akats sartu zituen, nahita, Wikipedian. Ordu pare bat igaro aurretik, koponduta zeuden.
- Zehatza da. 2005eko abenduan Nature zientzia aldizkariak alderatu zituen 43 artikulu Entziklopedia Britannican eta Wikipedian. Aldizkariaren ustez, Entziklopedia Britannicarenak ziren apur bat zehatzagoak. Steve Jobsen iritziz, Wikipedia da entziklopedia zehatzenetako bat.
- Bizkorra da. 2004ko Gabonetan tsunami batek eraso zituen Indiar Ozeanoko kostaldeak, eta hil zituen 175.000 pertsona. Bederatzi ordu geroago sarrera bat zegoen Wikipedian, 76 hitzez osatua, tsunamiaren gainean. Hogeita lau ordu geroago, sarrera hura 400 aldiz editatua zen, eta 3.000 hitz inguru zituen, argazki, grafiko eta taula eta guzti, hondamendia hobeto azaltzeko. Berrogeita zortzi ordu geroago, sarrerak zituen 6.300 hitz eta editatu zuten 1.200 aldiz. Grafiko gehiago zituen, eta bideo bat. Sei hilabete geroago, hasierako sarrerak izan zituen 7.000 aldaketa baino gehiago, eta bukatu zuen 7.200 hitzekin. Sarean ez zegoen beste webgunerik hainbeste informazio eskaintzen zuenik tsunamiaren gainean.
- Demokratikoa da. 2007ko azaroan 1.000.000 erabiltzaile zituen, izena emandakoak. Sekula ez du hainbeste jendek parte hartu horrelako proiektu batean, munduko jakintza toki batean jartzeko helburuarekin.
- Handia da. 2007ko azaroan Wikipediak 8.000.000 artikulu zituen argitaratuta.
- Librea da. Wikipedia software librean oinarrituta dago.
- Doakoa da. Wikipediak lurperatu egin ditu hainbat ordainpeko entziklopedia.
- Euskalduna ere bada. 235 hizkuntzatan argitaratzean da, tartean euskaraz. Gureak 21.214 artikulu ditu argitaratuak.
Jakina, euskarazko Wikipedia oraindik ez dago ingelesezkoaren parean. Baina badakigu haren ereduak balio duela. Beraz, hori izango da gure erronka etorkizunean: geurea onenen mailan jartzea.
Aupa Joxe. Egunotan eztabaida sortu digute “ikasgelan”. Gaia: google, youtube eta kontrol beharra. Iritziak iritzi, Wikipedia zalantzan jartzeko aprobetxatu du batek edo bestek. Badirudi Wikipediaren fidagarritasunari kritika egitea modan jartzen ari dela azkenaldion. Gaurko honetan ederto laburbildu duzu esan nahi nuen baina nola azaldu asmatzen ez nuen hori. Zure baimenarekin, aipatzen dituzun kontuok itzuliko dizkiet nire “ikaskideei”. Eskerrik asko.
Aupa, Marti(n)! Aipatu lasai erabilgarri iruditzen zaizkizun arrazoiak. Wikipedia ez da perfektua, baina askok uste dutena baino hobea bai, dezente hobea. Eta denona da. Besarkada bat.
Honekin lotutako pare bat ekarpen interesgarri. Lehenengoa taller3d komunikazio blogean eta bertan egiten du microsiervos-en agertutakoaren aipamena. Ondo izan eta animo tesiarekin!
Eskerrik asko, Marti(n), lotura interesgarria. Ondo segi.