Euskara, katalana eta gaelikoa hizkuntza gutxituak badira, halakoxea da zeinuen hizkuntza, gorrek darabiltena. Horixe irakurri dut Minority Language Media liburuko artikulu batean, “Signs of Change: Sign Language and Televisual Media in the UK/Aldaketa seinaleak: zeinuen hizkuntza eta telebista Erresuma Batuan”.
Artikulua oso interesgarria iruditu zait, eta berehala pentsatu dut guk zer egiten dugun geure arteko gormutuek ere jaso dezaten informazioa behar duten moduan. Ezer asko ez. Eusko Legebiltzarrean eztabaida potoloren bat dagoenean, orduan jartzen dira interpretari batzuk itzultzen politikarien hitzak, eta kito, esango nuke.
Karrera amaierako proiektu interesgarria izango litzateke aztertzea zertan diren Euskal Herriko gormutuen komunikazio premiak, ondoren hainbat irtenbide eskaintzeko.
Zeinuen hizkuntza ez da bat eta bakarra. Hizkuntza ugari daude. Euskal Herrian Espainiako Zeinuen Hizkuntzan mintzo da Hegoaldean eta Iparraldean Frantziako Zeinuen Hizkuntzan. Horrek ez du esan nahi hegoaldekoek espainolez egiten dutenik zeinuen hizkuntza… Espainiako Zeinuen Hizkuntzak ez du gaztelaniarekin antz gehiago euskararekin baino. Frantziakoarekin berdin. Baina hori bai, muga estatalak mutuen komunitateak bereizi egiten ditu argi eta garbi.
Eta ez dago Euskaran oinarritutako Zeinuen Hizkuntzarik?
Ez duzu ulertu. Ez dago euskaran oinarritutako zeinuen hizkuntzarik, ezta ingelesean, frantsesean edo gaztelanian oinarritutakorik.
Kategoria batekoak dira ahots bidezko hizkuntzak, eta beste batekoak zeinuenak. Ez dute lotura linguistikorik.
Eskerrik asko, Luistxo.