Webgunea eta bloga ditu Bernardo Atxagak Interneten, txukun askoak, gainera. Hemendik aurrera, Atxagari buruz zerbait zehatza jakin nahi dugunean, Atxaga.org webgunera jo besterik ez dugu izango. Baina zelakoa da Atxaga blogaria?
- Zoragarri idazten du, paperean bezala.
- Luze idazten du, eta, niri behintzat, astun samarra egin zait artikulu horiek pantailan irakurtzea. Inoiz laburrago idaztea erabakiko balu, Renori buruzko artikuluan, adibidez, nik 10 post edo mezu ikusten ditut, ia paragrafo adina mezu, ederrak denak.
- Ez du loturarik erabiltzen bere idazlanetan.
- Bere artikuluek ia ez dute tarteko izenbururik, beltzez edo kurtsibaz idatzitako hitzik, bolarik… Interneten trafiko seinale gisa erabiltzen diren baliabideak, lagungarriak irakurtzeko orduan.
- Ez du ametitzen erantzunik. Horrekin, denbora irabazten du, baina aukera galtzen du irakurleekin elkar eragiteko.
Zuhur abiatu da Bernardo Atxaga blogari gisa, eta ulertzekoa da. Seguru nago medioa hobeto ezagutu ahala, eta konfiantza hartzen duen neurrian, hasiko dela beste zenbait baliabide erabiltzen. Ongi etorri, Bernardo, euskal blogosferara!
Nire susmoa da Atxagaren bloga ez dela oso blogistikoa irtengo. Baina interesik ez dio kenduko horrek, bistan da. Kasu egingo balizu, oraindik gehiago irabaziko luke, dena den.
Bestalde, Mikel Iturriak kontu hau bera komentatzeko gaur euskaraz eta gaztelaniaz atera dituen idazkietan, zeure izena lotzen du Atxagarenarekin.
Kaixo Joxe eta Luistxo:
Oso interesgarria iruditu zitzaidan Joxek Sustatun jarritako erantzuna eta horregatik lotu ditut biak.
Arrazoi duzue esaten duzuenean apunte luzeegiak egiten dituela Atxagak. Batez ere, bloglines edo beste batzaile baten bidez jario asko jarraitzen dugunontzat. Horrelako erramintarik erabiltzen ez duen jendea eta blog jakin batzuk bakarrik irakurtzen duen atxagazaleek, agian, beste iritzi bat izango dute.
Poztekoa da Atxaga gure terrenora etortzea (hau horrela esatea baldin badago behintzat).
Ados. Seguru nago poliki-poliki hartuko diola neurria blogari, eta gauza ederrak eskainiko dizkigula. Eskerrik asko, Mikel! Kasualitatea izan da, bada, ni zurean ere agertzea Atxagaren eskutik. Besarkada bat.