Astebete pasatxo nabil Miro telebista probatzen nire ordenagailuan. Hiru laguni ere lagundu diet berau instalatzen, harrigarria iruditu baitzait. Bloglines informazio batzaileak nola, Mirok ere halaxe ekartzen ditu telebista programak edo bideoak nork bere ordenagailura, ondoren konputagailuaren pantailan ikusteko. Jakina, aurretik harpidetu egin behar, RSS bidez, saio edo bideo horietara.
Nire ordenagailuaren pantaila 15 hazbetekoa da, eta hor izugarri ondo ikusten dira Mirok ekarritako saioak, berauek kalitate onez emititzen direnean. Goiena Telebista ere hortxe ikusten dut orain, pantaila osoan, eskertzekoa benetan, nahiz eta, kasu horretan, kalitatea ez den hain handia. NBC telebistaren gaueko albistegia jaisteko, bestalde, 20 bat minutu behar izaten ditut, baina bitartean nik lanean segitzen dut. Horrek ez du etenik.
Miro probatzera gonbidatzen zaituztet, jakinda, gainera, dagoeneko baten batek euskaratu dituela Miroren azala eta hainbat gauza, Miro software librearekin egina baitago.