Abuztuaren 7tik atzo arte Leonen izan gara, eta han bisitatu ditugu Leon hiriburua, Astorga eta Castrillo de los Polvazares.
Denbora gehien Leon hiriburuan egin genuen, gustura, Leon oso ederra delako, batez ere alde zaharra. Katedralak harritu egin gintuen, hain da-eta ikusgarria, baina Leonek txoko eta eraikin asko ditu ederrak, hala nola plaza nagusia, Botines etxea, Rua kalea eta MUSAC, Gaur Egungo Arte Ederraren Museoa, besteak beste.
Astorgan hainbat ordu igaro genuen, herria oinez ibiltzen, eta hango lekuez gozatzen. Uste baino txikiagoa da, baina gustatu zitzaigun, polito zaharberritzen ari baita. Bi gauzak eman ziguten atentzioa han: erromatarren aztarnek eta Gaudik egindako jauregia.
Castrillo de los Polvazares herrixkan amaitu genuen ibilbidea, Astorgatik zazpi bat kilometrora. Oso herri polita da, eta ederki gorde du garai bateko mandazainen giroa. Han Cuca la Vaina hotelean hartu genuen ostatu, primeran.
Flickr-en ipini ditugu bidaia honetan ateratako argazkiak.