Interneteko enpresa eta erakunde askok Web 2.0ra jauzi egin duten moduan —Google, Amazon, IBM eta Wikipedia, besteak beste—Euskaltzaindiak ere salto egin beharko luke beste aro batera, bizkorrago eta irekiagoa, non akademiak sustatuko lukeen euskaltzaleen elkarlana euskararen mesederako.
Googlek ederki asmatu du elkarlana bultzatzen bere probetxurako, eta horretarako Google mashups erremintak sortu ditu, horiekin mundu guztiko erabiltzaileek sor ditzaten aplikazioak Googlen programak aberasteko. Bistan da, mashup horiek balio erantsi izugarria ematen diote Googlen aplikazioei.
Askotan, era horretako elkarlanak sortzen ditu produktu batzuk, balio handikoak, baina aurretik inork aurreikusi bakoak. Horietako bat da Chicagocrime, webgune bat non, sartzerakoan Google Mapsen Txikagoko helbide bat, agertzen baita leiho bat mapa batekin batera, eta hor azaltzen baitira kale horretan azken aldian gertaturiko krimen eta lege-hausteak. Ez Googlek ez eta Txikagoko Udalak ere ez zuten aurreikusi horrelako aplikaziorik, baina bai Adrian Holovaty sortzaileak. Hemen duzue zerrenda luze bat, Google Maps Mashup horiena. Hor denetik aurkituko duzue.
Euskalbar
Euskal Herrian badugu, euskara alorrean hain zuzen, beste adibide bat, erabat goragarria: Euskalbar. Euskaltzale talde batek beren baliabideak elkartu dituzte Firefox darabilgun nabigatzaile euskaldunok izan ditzagun gure nabigatzailean zortzi hiztegi kontsultagai. Musutruk.
Etorkizuneko erakundeak ez dira jakintza gehien pilatzen dutenak, baizik eta gai direnak jakintza elkarlanean aurreratzeko. Euskaltzaindiak Googletik eta Euskalbar egin duten euskaltzaleengandik ikasi beharko luke, eta Orotariko Euskal Hiztegia, adibidez, sarean jarri, modu irekian, jendeak bere gustuko aplikazioak sor ditzan altxor horretatik abiatuta.
Eibartarrak posta zerrendan irakurri dut Amatiñok egindako galderari erantzuna. Erantzuna ematen du X. Mendigurenek: “uste dut Euskaltzaindiak hitzarmena sinatua duela erakundeekin, hiztegi osoa errebisatu eta gero sarean jartzeko. Zenbait urtetako lana nolanahi ere.”
web 2.0? 0.7 ere ez ote den izango… Ustea egia bada urteetako lana izango dela Interneten jartzea? Horixe da justu paperetik pentsatzen duen batek esango lukeena: urteetako lana!
Lehenengo papereko zirriborroa inprimatu, errepasatu, gero berriz inprimatu, berriz begiratu, inprimatu, begiratu, inprimatu, begiratu… eta nola edizioa, papera eta abar garestiak diren askotan pentsatu eta errepasatu ostean behin argitaratu.
Interneten bestelakoa da jokabidea barren! Lehenengo sareratu eta gero joan konponketak egiten. Denbora urrea da Euskaltzaindiako jaun-andreok! Gainera, begi pare askok zuzenketa egokiagoa egingo dute on-line dagoen hiztegian eta gero erabakiak hartu ditzala hartu behar dituenak. Izan dadila bertsio originala sarekoa eta ez paperekoa.
Lotsa eman beharko lieke batzuei “polita = bonito” moduko hiztegiak baino ez izatea online oraindik. Baina klaro, hainbeste gauzak eman beharko liguke lotsa…
Euskaltzaindiak berak urteak behar omen ditu OEH sarean jartzeko. Euskaltzainditik kanpo, berriz, egun bateko kontua izango litzateke hiztegi hori sareratzea. Eta hilabete baten buruan bost edo sei modu izango genituzke hiztegia kontsultatu eta sekulako etekina ateratzeko. Hortik atera kontuak.