Horrela deitzen zaio, Net belaunaldia, 1977 eta 1996 artean jaiotako jendeari. Nazioartean 2.000 milioi lagun baino gehiago dira, eta beraiek aginduko omen dute XXI. mendean. Belaunaldi hau hazi da konkentatuta, eta hedatzen ari da irekitasuna, partehartzea eta interaktibitatearen etika lantokietan, komunitateetan eta merkatuetan. Horixe diote Don Tapscott eta Anthony D. Williams adituek Wikinomics liburuan.
Hauxe duzue lehen belaunaldia hazi dena aro digitalean. Bit-etan blai daude, beraz. “AEBetako nerabe gehienek badakite ordenagailua erabiltzen, eta gazte iparamerikarren ia %90ek adierazten du erabiltzen duela Internet. Gauza bera gertatzen da, gero eta gehiago, munduko herrialde askotan. Txinan, adibidez, adin multzo horretako gazte gehiagok erabiltzen dute Internet AEBetan baino. Elkarlanaren belaunaldia da, motibo nagusi batengatik: beren guraso estatubatuarrek ez bezala, zeinek astean hogeita lau orduz ikusten baitzuten telebista, gazte hauek hazten ari dira testuinguru batean, non nagusitzen baita interaktibitatea”.
Nondik nora dabiltzan
Gizateriaren historian lehen aldiz, diote egileek, haurrak adituak dira zerbait garrantzitsuan, iraultza digitalean. Gazte horiek MySpace webgunean sartu dira trumilka (100 milioitik gora), komunitateak sortzera eta elkarren berri izatera. Beste batzuek nahiago dute TakinITGlobal webgunea, non erabiltzen dituzten teknologia berriak mundua eraldatzeko. Oro har, ez dute beren burua ikusten kontsumitzaile pasibo moduan, eta gero eta gehiago, asetu nahi dituzte bere desioak produktuak beraiek diseinatu, egin eta banatuta. Horrela sortu ziren Napster, eta geroago Kazaa, BitTorrent eta LimeWire, besteak beste.
Gazte horientzat ezin kenduzko eskubide bat da medioak uztartu, produktuak aldarazi edo kontsumitzaileen kultura manipulatzea. Horregatik, traba izugarritzat jotzen dituzte copyright lege zaharkituak.
Net belaunaldiko jendeak eskatuko ditu lan ingurune batzuk, non nagusi izango diren elkarlana eta lankideen arteko berdintasuna, non lana eta bizitza pertsonala orekatuak izango diren eta non dibertsioa baloratuko den. Jende hori, Net belaunaldia, iritsi zaigu unibertsitatera eta enpresara, baina askotan ematen du oraindik ez garela horretaz jabetu.