Joan den astean Sebastian Gonzalez pilotari finak harri eta zur utzi ninduen, sekulakoak esanda Aimar Olaizolaren gainean, harroputza galanta dela, aldageletan oso txarto tratazen dituela beste pilotariak, etab. Ni, behintzat, harritu egin nintzen, sekula ez bainion entzun Gonzalezi hitz txar bat inoren gainean. Zertara zetorren bat-bateko erretolika hori?
Harago begiratu nuen, eta Panpi Laduche ikusi, bere prestatzailea. Eta orduan hasi nintzen ulertzen. Eskola zaharrekoa baita Panpi, iruditu zitzaidan, beste kiroletan nola, berak ere aukeratu zuela partida berotzea, aurkaria desorekatze aldera. Izan ere, orain arte Aimar ia beti nagusitu zaio Sebastiani.
Ondorioa izan zen oso partida arraroa, non jokalariek eskuak berotu baitzituzten elkarri bizkarra emanda, bat frontisari begira eta bestea atzeko paretari. Hasieran eta bukaeran ere, justu-justu eskua eman, baina elkarri begiratu barik.
Sinestuta nago Sebastianek aginduak betetzen zituela, eta, edozelan ere, gurago nuke alde batera utziko balituzte horrelako trikimailuak, zatartu baino ez dute-eta egiten pilota. Larunbatekoa, adibidez, oso partida polita izan zen, baina arraroa, kirolez kanpoko arrazoi horiengatik.