Faroak farozaina du orain. Horrela esanda, badirudi Pernandoren egia bat esan dudala, faro guztiek behar dutelako farozaina. Kontua da faro honek anaia bat duela orain, Farozaina izenekoa, hori ere neuk egina. Faroa blog bat da, baina Farozaina beste zerbait da, tumblelog bat.
Tumbleloga
Baina zer da tumblelog delakoa? Tumblelog bat da blogaren aldaera bat, eta horrek hobesten ditu mezu oso laburrak, iruzkin oso motzekin, baldin eta iruzkinik bat ere eramaten badu. Horrela definitzen du Wikipediak. Funtsean da modu bat di-da argitaratzeko egunean zehar han-hemenka sarean aurkitzen ditugun gauzak: testuak, argazkiak, loturak eta bideoak. Projectionist da horren adibide eredugarri bat.
Sei mezu mota
Ohiko blogek ez bezala, tumblelogek eskaintzen dute sei mezu mota, bakoitzak bere diseinuarekin: ohiko mezua, argazkia, aipua, lotura, elkarrizketa eta bideoa. Sortzerakoan mezu bat Tumblr aplikazioan, nik egin dudan moduan, aukeratu egin behar da zer mezu mota izango den.
Bookmarklet bat ere badu, “Share on Tumblr”, eta horren bidez, edonon zaudela ere, argitaratu egin ahal duzu zure tumbleblogera zuzenean. Bookmarkletak sumatzen du zer elementu nahi duzun argitaratu (argazki bat, aipu bat…), baina ez badu asmatzen, uzten dizu zuk zeuk erabakitzen
Farozaina
Kontua da tumblelog horiek sekulako arrakasta izan dutela, batez ere aukera ematen dutelako laburrean blogeatzeko, di-da, gauza txikiak argitaratuta. Badirudi jende askok egokiagoak aurkitzen dituela ohiko blogak baino, formatu bizkorragoa eskaintzen baitute.
Nik ere probatu nahi nuen formatu hori, eta horregatik sortu dut Farozaina, jakiteko zelakoak diren tumblelogak eta abantailarik ba ote duten. Ibilian, ohartu naiz tumblelogek ez dutela elkarrizketarik sortzen blogek bezala, horietan ezin baita erantzunik utzi. Hala ere, ederki ispila dezakete egilearen nortasuna.
Nik ere deskubritu dut duela gutxi (http://karrajua.tumblr.com). Printzipioz neure blogen eta lastermarken agregatzaile modura erabiltzea okurritu zait, baina zuk diozun modura aplikazio ugari eduki ditzake. Berau eta Twitter bezalakoekin ez duzu joera bat sumatzen?
Aupa, Benito! Izan liteke, bai, halako joera bat etortzea, gauzak bizkorrago eta laburrago egitekoa, Tumblr-ek eta Twitter-ek erakusten duten bezala. Nik lehena probatu dut, baina bigarrenak ez nau betetzen, oraingoz behintzat ez dut-eta gogorik une oro pantailari itsatsita egon eta jendeari zertan nabilen esateko.