Opor hauetan Ana Urkiza idazlearen azken liburua irakurri dut, Zortzi unibertso, zortzi idazle. Irakurraldi atsegina izan da niretzat, zortzi idazleek eskaini didate-eta gauza interesgarri askoak. Zortziak emakumeak dira, baina ez dute antz handirik batak bestearekin. Zortzi emakume argi eta zintzo aurkitu ditut liburu honetan, bakoitza bere zirkunstantziarekin.
Kontua da nik oso liburu gutxi irakurri diedala idazle hauei. Bakarrik Arantxa Urretabizkaia nuen irakurrita ia bere osoan. Zergatik Panpox, gainera, izan zen mugarri bat niretzat irakurri nuenean. Miren Agur Meaberi hiru bat liburu irakurri dizkiot, horietan harrigarriena eta ederrena Azalaren kodea. Itxaro Bordari liburu bat, Hiruko, niretzat ezusteko bat, baina %100 Basque ezin izan nuen irakurri hamabosgarren orrialdetik aurrera. Mariasun Landari ere liburu bakarra irakurri diot, Krokodiloa ohe azpian, eta besterik ez. Lourdes Oñederrarena bide bazterrean utzi nuen, ezin amaiturik, eta beste horrenbeste gertatu zitzaidan Septentriorekin, Aurelia Arkotxaren liburuarekin. Laura Mintegiri eta Yolanda Arrietari ez diet ezer irakurri.
Horietako zenbaiti gehiago irakurri diet prentsa idatzian liburuetan baino, adibidez, Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda edo Lourdes Oñederrari. Liburuei dagokienez, berriz, ez nuke jakingo esaten zergatik irakurri diedan hain gutxi, akaso oso irakurle anarko naizelako, baina ez naiz hasiko flajelatzen horregatik, nire irakurketak direnak dira eta kitto.
Beharbada erabat ezezaguna nuelako, Yolanda Arrietak eman dit ezustekorik handiena liburu honetan, bere bizitzak, pentsamenduak eta jarrerak atentzioa eman didate-eta. Bakarra da, gainera, Internet eta teknologia berriak aipatzen liburuan, adibidez jabego intelektualaren inguruan, baina hori beste baterako utziko dugu.
Laburbilduz, gustura irakurri dut Ana Urkizaren liburu hau, orain lau urte Hasier Etxeberriak idatzitako Bost idazle hura bezain gustura.
Liburua egiteko hautatutakoak zergatik izan dira hautatuak, literaturgile onak direlako edo emakumeak direlako? Haibatetan irakurri dut jada liburu horren konparazioa Hasier Etxeberriak egindakoarekin… eta ez dut uste batean dagoena bestean dagoenik. Oso gustura irakurri ditut nik Laura Mintegi, Urretabizkaia eta Itxaro Borda. Urretabizkaiak eta Bordak behintzat euskal literaturaren historian, ez euskal literaturan bakarrik, lekua jada finkaturik dutelakoan nago. Hala ere, ez dut uste Atxaga, Saizarbitoria, Lertxundi edo Sarrionandiaren mailara iritsi direnik, ez eta iritsiko.