Nork pentsatuko suizidioa lagun artean eta maitasun giroan ere gerta zitekeela, baina bai, Karen Janoch emakumeak horixe erakutsi digu. Hobeto esanda, The New York Times egunkariak erakutsi du Karenen kasua dokumentu multimedia hunkigarri batean.
Luistxo Fernandezen azken kronika irakurtzen ari nintzela, klik egin nuen berak proposatutako adibide batean, zein The New York Times egunkarian agertu baita flash teknologia erabilita, eta zur eta lur geratu nintzen, batez ere azken biekin, izan ere dokumentu horietan Karen Janoch emakumeak kontatzen du zelan bizi izan den, zelan gaixotu zen minbiziaz, eta zelan erabaki zuen bere buruaz beste egitea.
Azken dokumentua —Karen’s end, Karenen azkena— hunkigarria da benetan, bertan ikusten baita zelan hiltzen den Karen, hainbat lagunez inguratuta. Oregon estatuan, AEBetan, legezkoa da suizidioa, gaixoari sei hilabete baino gutxiago ematen zaionean. Dokumentuaren azken uneak NYT egunkariko kazetariak kontatzen ditu, ezin hobeto. Ahal baduzue, ikusi.