Ostegun iluntzean mahai inguru bat egin zen Andoainen, Bastero kultura etxean. Gaia: Web 2.0: Interneten bigarren iraultza. Hona hemen nik han esandakoa.
Eskerrik asko, Nekane. Arratsalde on denoi. Hasi aurretik, eskerrak eman nahi dizkiet Andoaingo Udalari eta Euskal Kultur Erakundeari mahai inguru hau antolatzeagatik, ez baitira egunero jorratzen horrelako kultura ekitaldietan Web 2.0 bezalako gaiak.
Eta, beste barik, hasi egingo naiz, denbora gutxi daukat-eta azaltzeko zer den Web 2.0 eta zer erremintak osatzen duten.
Web 2.0
Argi dago Web 2.0 baldin bada, aurretik Web 1.0 izan zela. Seguruenik jakingo duzue hasieran Internet zela, AEBetako Armadak lehenbizi eta hango unibertsitateek gero erabili zuten, baina gero, 1991n, horren gainean, ingeles batek, Tim Berners-Leek, asmatu zuen World Wide Web, sarea, alegia. Eta horrekin eragin zuen aldaketa bat askoz ere handiagoa bere garaian Gutenberg moldiztegiaren asmatzaileak eragin zuena baino.
Izan ere, sarea asmatu bezain laster asmatu ziren aplikazio batzuk —posta elektronikoa eta web nabigatzaileak— eta horiek zaharkitu bihurtu zituzten beste asmakizun zoragarri batzuk, esate baterako, faxa.
Sareak aldatu egin du, erabat, gure komunikatzeko modua. Ni oso eskutitz zalea izan naiz beti, baina azken urteotan ez dut gutun bat ere idatzi. Mezu elektronikoak, berriz, milaka eta milaka. Nigatik balitz, posta zerbitzuak hondoa joko luke.
Kontua da hasierako hamar urteetan sarea zurrun samarra zela, gaur ikusten dugun moduan, webgune bat egiteko gauza arraroak jakin behar ziren, HTML esate baterako. Baina azken hiru urteotan aplikazio multzo bat agertu da, beste modu batekoa, eta aplikazio multzo horri deitzen diogu Web 2.0 Baina zer da Web 2.0? Elgoibartar batek horrela definitu zuen bere blogean: Web 2.0 da web aplikazio multzo bat, erraza, eta laguntzen du lanak sortzen eta partekatzen.
Web aplikazio multzo bat esan dugu. Ikus dezagun. Aplikazio bat da programa bat eta balio du funtzio bat egiteko: idazteko, kalkuluak egiteko, argazkiak lantzeko, etab. Orain arte aplikazioak ordenagailuan sartzen genituen, hemen egoten ziren: Word, Excel, Photoshop, QuarkXpress… Baina Web 2.0 moduko aplikazioak ez daude gure ordenagailuetan, baizik eta hor kanpoan, zerbitzari batzuetan, nonbaiten sarean.
Zer aplikazio
Ikus dezagun orain zer aplikazioren gainean ari garen Web 2.0az hitz egiten dugunean:
- Blogak adibidez. Blogak dira webgune batzuk, plantillatan datoz aurretik eginda, eta hor edukiak modu kronologikoan ordenatzen dira: berrienak goian eta zaharrenak beherago. Jendeak erantzun egin dezake bertan eta beste batzuek erantzun horri erantzun, eta horrela elkarrizketa etengabea sor daiteke blogen inguruan. Gainera, blogak elkarren artean lotzen dira, loturak erabilita. Blogak pertsonalak izan daitezke edo taldekoak. Baita tematikoak ere. Euskaraz hainbat zerbitzu daude blogak sortzeko. Garrantzitsuenak Blogari.net eta Blogak.com. Dagoeneko, gainera, hainbat komunitate daude: Eibar.org, Goiena.net, Uztarria.com, Berria, Dantzan…
- Google Calendar. Orain egutegi bat sortu ahal dugu sarean eta gure lagunekin, edo mundu osoarekin partekatu. Nik, adibidez, bost egutegi dauzkat sortuak: bata nirea da, partikularra eta pribatua; beste bat MUniversitas, partekatzen dut beste sei lagunekin, kudeatzeko aldizkari baten denborak. Eta beste bi publikoak dira, eta hor agertzen dira bi taldetan ematen ditudan eskolak. Edozeinek sor dezake egutegi bat eta lagunekin edo lankideekin konpartitu.
- del.icio.us. Aplikazio hau da faboritoen zerrenda erraldoi bat, baina manejatzeko erraza, etiketa bidez manejatu ahal dugu-eta, guk sortutako etiketak. Baina hainbeste jende dabil programa honetan irakurgaiak uzten eta sailkatzen, besteek gordetako irakurgaiak aprobetxatu ditzakegu geure probetxurako. Datu base erraldoi bat sortzen ari da del.icio.us-en, eta hor denok dugu irabazteko.
- Bloglines. Hau da agregatzaile bat, eta honen bidez sailkatu egin ditzaket nire informazio iturriak. Beraz, honen bidez askoz ere informazio iturri gehiago irakur ditzaket egunean, eta denbora gutxiagoan. Gauza bera gertatzen da Aurki.com agregatzailean, hor jasotzen baitira sarean euskaraz sortzen diren informazio gehienak.
- Flickr. Hau da nire programarik kutunetako bat, aukera ematen didalako nire argazkiak mundu guztiarekin konpartitzeko: familiarekin, lagunekin eta mundu guztiarekin. Joan den udaberrian, adibidez, lagun koadrilla handi bat elkartu ginen gure arrebaren baserrian, tartean Irizartarrak, laguntzeko baserriko lagunei mahastia garbitzen. Baina irizartar bat falta zen, Imanol, joana baitzen hilabete pare bat lehenago Nevadako Unibertsitatera. Egun hartan argazki mordoa atera nituen, eta, Imanol gogoan, arratsaldean bertan, sartu nituen Flickr-en, Imanolek ikus zitzan. Mezu bat bidali nion, jakin zezan non ipini nituen argazkiak. Handik ordu batzuetara, Imanol jaiki zenean, mezua jaso eta argazkiak ikusi zituen. Badakit sekulako poza sentitu zuela argazki haiek ikusitakoan, erbestean dagoenak sentitzen duen poza. Nik ere, hori jakinda, pozik geratu nintzen.
- Tagzania. Hau da Web 2.0 honetan Euskal Herriak sortu duen aplikaziorik arrakastatsuena. Eibarko enpresa batek sortu du, CodeSyntaxek, eta munduan jende mordoak erabiltzen du, mapak sailkatzeko: nondik nora ibili zaren oporretan, zure jaiotetxea, halako jauregia…
- Odeo. Aplikazio honek uzten digu ahotsa grabatzen eta sarean ipintzen. Bestela esanda, sareko irratia. Honekin, edonork sor dezake bere irratitxoa eta blog batean ipini, jendeak entzuteko.
- YouTube. Gazteak batez ere, trumilka ari dira aplikazio hau erabiltzen berek egindako bideoak eskegi eta mundu guztiaren bistan ipintzeko. Hainbesteko arrakasta lortu du, ze telebista konpainia handiak ere hasi dira berau erabiltzen beren produktuak erakusteko. Adibidez, idazten badugu Wazemank bilatzaile honetan, aurkituko ditugu hainbat esketx saio horretakoak ikusteko moduan. Gainera, YouTuben ipinitako bideoak blogetan ere eskegi ditzakegu.
- Wikiak. Wiki bat da webgune bat, baina edonork alda dezake bertako edukia. Blog batean erantzun egin liteke, baina ez aldatu jatorrizko informazioa. Wiki batean bai. Eta horren adibiderik onena da Wikipedia, munduko entziklopediarik handiena eta osoena. Baina harrigarriena da entziklopedia hori herritarrok egin dugula, munduko herritarrok, eta etengabe ari garela eguneratzen, doan, musu truke. Horra zer aukera ematen dituen horrelako entziklopedia batek informazioa trukatzeko eta partekatzeko. Informazioaren gizarteratzea edo sozializazioa.
- RSS. Hau guztiau posible da XML hizkuntza bati esker. Ikusten duzuenean txirinbolo laranja bat webgune batean, horrek esan nahi du horren atzean XML edo RSS hizkuntza dagoela. Hori darabilten webguneetan harpidetu egin gaitezke eduki horietara. Horri esker, informazioa zabaltzen da urbi et orbi.
- Etiketak. Web 2.0 alorrean etiketak ezinbesteko bihurtu dira. Informazioari etiketak ipintzen dizkiogu, gaiaren arabera. Eta etiketa horiek lagunduko digute gero informazioa berreskuratzen. Gurea eta edonorena.
Besterik ez. Eskerrik asko zuen arretagatik. Nahi baduzue hitzaldi honekin batera erabili nuen aurkezpena, hemen duzue.