Bihar jai handia izango dugu gure kalean, orain arte Berrio-Otxoa kaleko goi aldean. Nola kasurik zipitzena ere ez diguten egiten (herri lanak eta hobekuntzak gure zatiaren hasieran geratzen dira beti, Euskaltelentzat-eta ez gara nor…) erabaki dugu jai bat antolatzea jendearen arreta erakartzeko, eta, bide batez, izena aldatuko diogu gure kaleari. Bihargero Txantxibiri kalea izango da.
Horra zer bando alaia kaleratu duten jai antolatzaileek elorriarren artean, grabatu batekin batera:
- Gure inguruak duen utzikeria ikusita, bertako auzokideek Txantxibiri kalea inauguratzeko deia luzagu nahi dizuegu, kale honetako bizi baldintzak, garraiobideak eta aisialdirako eskubideak kontuan har daitezen. Datorren hilaren 30ean, zapatuan, gure erreibindikazioei hasiera eman dien eguna ospatuko dugu, helburu batekin: konpondu dezatela kalea. Jai eta aldarrikapen eguna izango dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da denon parte hartzea. Osasuna eta umorea! Oharra: meriendarako tortilla batzuk beharko ditugu, ahal duenak ekar ditzala. Ardoa, txorizoa, ogia eta mokadu bat hartzeko zer edo zer egongo da. Eguraldiak laguntzen ez badu, Ganboan egingo dugu.
Herrian sekulako ikusmina sortu da biharkoari begira: trikitilariak eta soinujoleak izango ditugu, tortillak, eta bestelako jaki gozoak, ardoa eta txakolina, besteak beste. Jaia arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Gonbidatuta zaudete!