Atzo arratsaldean Elkar liburu denda ireki zen Mondragoen, eta hantxe izan nintzen, hitz batzuk esaten. Hauek:
Arratsalde on, etorri zareten guztioi. Gaur liburu denda eder hau inauguratu behar dugu Arrasaten. Hori dela eta, esango dizuet liburu dendak direla nire dendarik gogokoenak. Gustatzen zait irakurtzea, eta gustatzen zait liburu dendetan sartu eta liburuak esku artean hartu eta aztertzea. Txikia nintzenetik, liburuek arrasto ahaztezina utzi dute nire bizitzan. Gogoan daukat non nengoen eta zer egiten zenbait liburu irakurri nituenean. Adibidez:
- Los hijos del capitán Grant. Saturraranen nengoen liburu hori irakurri nuenean, seminarioko ikasgela handi batean, asteburuetan denbora jakin bat izaten genuen-eta irakurtzeko. Jules Vernek mundu ezezagunetara eraman ninduen, abentura zirraragarriak bizitzera.
- El Lazarillo de Tormes. Larunbat euritsu batean irakurri nuen, Donostiako seminarioan, eta barre algara handiak egin nituen. Harritu egin nintzen, ez bainuen uste liburu klasiko batek hainbeste barre eragingo zidanik.
- La ciudad y los perros. Arrasaten irakurri nuen, Gabonetako oporretan, Donostiako Institutuan ikasten ari nintzela. Tramak harritu ninduen, eta zerabilen gaztelaniak. Orduan aurkitu nuen Hegoameriketako literatura.
- Beltran Paris, Basque Sheepman of the American West. Beltran Paris Nafarroa Beherean jaio zen, eta AEBetara joan zen, artzain, etorkizun hobe baten bila. William Douglas antropologoak elkarrizketatu egin zuen eta liburu bat idatzi, Beltranen gorabehera guztiak kontatzen. Boisen nengoen garai hartan, Estatu Batuetan, eta liburu horrek hunkitu egin ninduen, han zeuden-eta nire herkide askoren gorabeherak Ameriketara joandakoan. Orduan konturatu nintzen hizkuntza ikasi berri batean ere hunkitu egin nintekeela.
- Narrazioak. Irakurri nuenean Joseba Sarrionandiaren liburu hori Kanadan nengoen, Ottawan. Gogoan dut liburuaren zati handi bat irakurri nuela hango Parlamentuen ondoko parke batean. Liburu harekin pentsatu nuen euskal literatura beste literatura batzuen parean jartzen ari zela, hain zen-eta ederra.
- Mattin, nere gizona. Liburu hori irakurri nuenean Bergaran bizi nintzen, eta gaixorik nengoen. Ohean nengoela, beraz, ikasi nuen nor zen Mattin bertsolari txiki hura. Atentzioa eman zidan Mari Trekuren idazkerak, zuzena eta xaloa oso. Mari zen Mattinen emaztea, eta geroago jakin nuen Herrian idazten zuela, bere herriko berriemailea baitzen.
- Lance Armstrongen biografia irakurri nuenean ere, ohean nengoen, baina orduko hartan Galdakaoko Ospitalean, egun batzuk lehenago, 2002ko irailaren 11 batean, minbizia aurkitu zidaten eta. Liburua irakurrita, mirestu egin nuen gizona, adbertsitatearen aurrean erakutsi zuen kemenagatik.
- Eta uda honetan liburu hau irakurri dudanean —Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz—, Elorrion nintzen, hantxe bizi bainaiz orain. Hauxe izan da niretzat uda honetako aurkikuntza. Harrituta geratu naiz zelango gorabeherak bizi izan zituen Jose Antonio Agirrek Gestaporen atzaparretatik ihes egiteko.
Ikusten duzue. Liburuek atsegina ematen didate, entretenimendua eta gauzak ikasteko aukera. Pena hartu nuen Hire liburu denda itxi zutenean, eta poza hartu dut, berriz, Elkar ireki dutenean Erdiko kale honetan. Sarri joaten nintzen Hirera, eta ahal dudan guztietan etorriko naiz Elkarrera.
Zorionak Elkarri halako denda txukuna irekitzearren, eta mila esker ekitaldi honetara gonbidatu gaituelako. Zorterik onena opa dizuet.