Opor hauek ziztu batean joan dira, baina izan dut astirik apur bat irakurtzeko. Beste batzuetan baino gutxiago, baina nahikoa asetzeko oporrak hartu aurretik nuen premia.
Orixe. Gutunak (1917-1961). Uda honetako irakurgai mardula izan dut liburu hau. Berau irakurri ahala, pena eman dit Orixek, beti defentsiban, tokiz eta garaiz kanpo. Zama handia zuen gainean, bera izatekoa baitzen euskal literaturaren (eta ia-ia euskararen) salbatzailea, baina zamak, eta Euskal Herriaren bilakaerak, gainditu egin zuten, gerra ondorengo gazteriak ez zuen-eta interesik ez haren mistizismoan, ez eta idazteko moduan ere. Lan ona egin dute Paulo eta Ibai Iztuetak gutun hauek guztiak apailatzen.
La Isla de los Faros. Komunikazioarekin du zerikusirik, azpitituluak adierazten duen moduan: *Un recorrido por las claves de la comunicación.* “Ferran Ramon-Cortés”:http://tinyurl.com/ncuqx publizista katalanak idatzia da, ia parabola baten bidez. Erraz irakurtzen da, eta merezi du, argia baita oso.
Txantxa. Quick. Esperimentu sendoa egin du Patxi Zubizarretak eleberri honetan. Trama Gasteizen gertatzen da, gaur egungo Gasteizen, baina pertsonaia bakoitzak ikuspegi bat ez ezik, ahots bat ere izango du, hau da, esateko modu bat. Hori dela eta, hainbat idazkera erabiliko ditu egileak, pertsonaien ahotsak modulatzeko. Eta horien bidez, bere iritzia emango digu bizi dugun bizitzaz eta gizarteaz. Gustura irakurri dut.
Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz. Uda honetako irakurgairik zirraragarriena izan da niretzat. Orain urte batzuk, Hondarribian bisita egin genion batean, Martin Ugaldek gomendatu zigun Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz, Jose Antonio Agirre lehendakariak egindako kontakizuna nola egin zion izkin Europako faxismoari. Abentura izugarria da, esan zigun orduan Martinek. Eta arrazoia zuen. Azken atala izan ezik, Agirreren hausnarketak Amerikak zer rol izan behar zuen munduan, bihotza hildua irakurri dut liburua, hunkituta zer nolakoak nozitu behar izan zituen euskaldunon lehendakariak nazien atzaparretatik ihes egiteko. Han eta hemen agertzen den estilo erretoriko samarra gorabehera, benetako abentura liburu bat dugu hau, film bateko lehengai paregabea. Proposamen hau egingo nioke Erein argitaletxeari, liburu hau gazteengana irits dadin: Juan Kruz Igerabidek liburuaren egokitzapen bat egin dezala, Homeroren Ulises lanarekin egin duen moduan, Jose Antonio Agirrerena benetako odisea baita, euskaldunok ezagutu beharrekoa. Aizpea Goenaga nahiz Steven Spielberg zine zuzendariei ere gomendatuko nieke film bat egiteko liburu honetan oinarritua.
Henry Bengoa, Inventarium. Jose Antonio Agirrek Hanburgoko portuan hartu zuen itsasontzia Alemaniatik ihes egiteko. Horrek eraman ninduen Bernardo Atxagaren beste lan honetara, hau ere Hanburgon gertatzen baita. Batak ez dauka zerikusirik bestearekin, baina nire buruan lotura egina dago. Atxagaren lana osorik irakurri barik nuen, eta hunkigarria egin zait, krak horiek behin eta berriz sentitu ditut bihotzean.
Behi euskaldun baten memoriak.Axularrek eta Cervantesek nola, Bernardo Atxagak ere ateak irekita utzi zituen Behi euskaldun baten memoriak liburuaren bigarren partea idazteko. Egunen batean, premia sortuz gero, jarraituko nuen beste parteekin, idatzi zuen Mo behiak bere memorien bukaera aldera. Bigarren zatia iritsi bitartean, hirugarren aldiz leitu dut liburu hau, eta, oraingoan ere, gozatu ederra hartu dut berau irakurtzen.
Ingelesen hilerria. Harritu egin nintzen, ikusi nuenean liburu dendako apaletan, berehala gogoratu bainintzen Luistxo Fernandezen blogarekin. Eta erosi egin nuen, jakinda Jose Maria Mendiolak idatzi zuela Ingelesen hilerria, eleberri labur bat gazteentzat idatzia. Negargarri euskaratua, lan apala iruditu zait.