Eta zu nola sentitzen zara horrelako erantzun bat jasota? Lur jota egongo zara, ezta? Lankide batek baino gehiagok egin zidan galdera hori herenegun, jakin zutenean Lagun Arok ez nauela onartu mutualistatzat, nire osasuna dela eta. Atxikimendu eta elkartasun beroa jaso nituen lankide askorengandik, gehienek bazterkeriatzat hartzen baitute Lagun Aroren erantzuna.
Non gelditzen dira kooperatibetan aldarrikatzen ditugun elkartasuna eta lankidetza? Men egin behar dio HUHEZIk Lagun Arori eta atzera egin lankide bat bazkide izendatzetik? Osasuntsuak eta guapoak bakarrik izan ahal dira bazkide kooperatibetan? Horrelako galdera asko entzun nituen lankideen ezpainetan.
Gehienek ez zuten irakurrita nik Faroan ateratako mezua, baina herenegun, Ameliak posta elektronikoz bidalitako mezuari esker, jakin zuten nire egoeraren berri. Eta, nigana etorri zirenak behintzat, asaldatuta zeuden.
Badakit zenbaitentzat jostailu hautsi bat naizela, minbizia estigma moduan ulertzen dutelako, baina nire lankideek erakutsi didate elkartasuna kalkulu guztien gainetik dagoela, eta bihotz-bihotzetik eskertzen diet.
Animo, eta popatik Lagun Harrori