Lehendabizi Lierni koinatak esan zidan, eta gero Interneten aurkitu nuen berria, propio bilatuta: Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile talde batek txerto bat aurkitu omen du linfoma folikularraren aurka, hau da, nik daukadan minbizi motaren kontra, eta txerto hori hartu duten gaixoen %80 ez omen ditu berriz linfoma berak gaixotu.
Nonbait, froga guztiak egin dira linfoma folikularra bigarrengoz izan duten gaixoekin, eta emaitzak onak izan dira, Maurizio Bendandi doktoreak esan duenez. Txertoak ez omen du kalterik egiten inola ere, eta pertsonalizatua da, oinarritzen baita proteina batean, zeina ateratzen baitzaio gaixo bakoitzari. Taldeko eledunek esan dute txertoa kimioterapiarekin batera aplikatzen dela, tratamendua eraginkorragoa izate aldera.
Albisteak dio Espainian urtero 40 urtetik gorako 5.000 pertsona gaixotzen omen direla linfoma folikularrak jota, minbizi mota bat zeinak eragiten baitu linfa sisteman, eta hondatzen baititu gaixoaren defentsak.
Datorren astelehenean Valdecillara noa, kontrola egitea tokatzen zait-eta, eta aprobetxatuko dut medikuari galdetzeko zer dakien albiste horren gainean, eta niretzat eraginik izan lezakeen.
Oso itxura ona du diozun horrek. Ea balio dizun!
Horrelako albisteak sarri sarri entzuten dira gaur egun komunikabideetan, eta derrigorrez harnasa suposatu behar du jende askorengan. Zuri tokatu ez bazaizu ere, daukazun gaixotasunaz ari ez badira ere oraingoan, zureak izan dezakeela konponbidea pentsa arazten dizulako.
Ea ba Joxe! Pazientzia, eta animo!
Mila esker, Patxi, zure animoengatik. Denbora alde dugu, egunetik egunera zientzia izugarri aurreratzen ari delako. Besarkada handi bat.