Urte asko igaro dira Gutenberg-ek moldiztegia asmatu zuenetik, 450, eta oraindik liburu kategoria berriak sortzen ari dira. Azkenari blook deritzo.
Blook (blog eta book) liburu bat da, eta jasotzen ditu lehendik blog edo webgune batean argitaraturiko materialak. Adibidez, Medikuak esan dit minbizia dudala blook bat da, horko edukiak lehenik blog batean argitaratu zirelako, Sustatun. Eta Xabier Mendiguren Elizegi prestatzen ari dena ere blook bat izango da, jasoko baititu Xabierrek bere blogean idatzitakoak.
Antza denez, gero eta blook gehiago argitaratzen ari dira, eta orain Lulu enpresak, zeinek argitaratzen baititu liburuak eskatu ahala, sari bat antolatu du, The Lulu Blooker Prize, eta hor era horretako liburuak aurkeztu ahal dira, ingelesez argitaratuak badira.
Ideia interesgarria da blookarena. Gainera Lulu oso ondo dagoen argitalorria da. Ikaragarria da nola teknologia hauek gaitasuna ematen duten distribuzioa gero ta kontrolatuagoa izateko idazlearen eskuetan. Nik behintzat txalotzen dut.
Aupa, Felix! Nik ere txalotzen dut ekimen hori, eta pentsatzen dut halako batean Euskal Herrian ere izan dezakegula horrelako bat. Ondo segi.