Halako batean, Toledoko euskalduna aspertu egin zen hiztun kaskarra izaten, eta Deustuko Unibertsitatean ikasten ari zela, erabaki zuen euskara ikastea. Eta orduan bi gauza egin zituen:
- Zeruko Argiaren harpidetza, astekari bat, artean egunkari itxurakoa.
- Erosi zuen Ixaka Lopez Mendizabalen hiztegia.
Handik aurrera, 4. maila ikasten ari nintzen, Filosofia eta Letrak, Zeruko Argia jasotzen nuen aldiro, jarri mahaian, hartu hiztegia, eta hasten nintzen astekaria irakurtzen, alderik errazenetik, herrietako kronikak. Eta orduan ikasi nuen Arrasatek bazuela berriemaile bat, Mendiaga, euskaraz idazten zuena. Eta Mendiagarekin batera geroago jakin nuen Jose Mari Velez de Mendizabal ezkutatzen zela ezizen haren atzean, beste kazetari batzuk deskubritu nituen: Amatiño, Mikel Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Gurutz Ansola, etab.
Zeruko Argiak euskararen atea ireki zidan, eta haren altxorra erakutsi. Horregatik, betiko izango naiz zorretan aldizkari horrekin. Mila zorion (Zeruko) Argia egin eta egiten duzuen guztiei. Izan dezazuela ospakizun oparoa, merezi duzue-eta.
Hamazortzi urte bete berri eta COU amaitzen ari nintzela erabaki nuen nik, 1982ko udan, ahazten ari zitzaidan euskara hobetzea, lantzea. Ez nintzen inongo euskaltegitara joan: Zeruko izaera galdu berria zuen Argia-ren harpidedun egin nintzen, eta hura goitik behera irakurriz alfabetatu nintzen.
Orduko izen nagusiak: Josu Landa, Pello Zubiria, Iñaki Uria, Joxemi Zumalabe, Pablo Sastre, Mikel Antza…