Atzo Valdecillako ospitalean izan ginen, kontsulta eguna genuen-eta. Jendez lepo zegoen ospitalea, eta baita Hematologia saila ere. Medikuak hartu gintuenean, ustekabe txiki bat izan genuen, eta, zorionez, horretan geratu zen.
Bi frogaren emaitzak eraman genituen guk Galdakaotik: PET delakoa, eta eskanerra; eta biak ondo zeuden. Hirugarren frogaren emaitza, aldiz, hantxe zeukan medikuak, nire izeneko karpetan, eta zen kimerismoa. Kimerismoa da froga bat, eta egiten da odolean, neurtzeko nire hezur-muinean zer proportziotan dauden nire arrebak transplantean emandako zelulak eta nireak, azken horiek transplantearen aurretik neuzkanak.
Kontua da papera irakurri zuela denok entzuteko moduan, eta zioen nire hezur-muinean zeuden zelulak zirela %100 hartzailearenak, hau da, nireak. Urtebete lehenago, berriz, %95 jatorriz nire arrebarenak ziren. Beraz, zerbait txarto zegoen. Medikua berehala konturatu zen, eta esan zuen hau ez dut sinisten; seguru okerren bat dagoela hemen, bestela, zerbait txarraren adierazgarri izango litzateke-eta.
Laboratoriora deitu, eta nire analisiaren berri eskatu zuen. Handik bost minutura, teknikari bat agertu zitzaigun, jatorrizko paperarekin. Horrek zioen zelulak zirela %0 hartzailearenak. Edo, beste modu batera esateko, %100 Fatimarenak. Ezin hobeto, beraz. Laboratoriokoen hutsa izan zen, papera berriro idazterakoan. Ez dakit zergatik idatzi behar izaten duten berriro analisiaren emaitza esan zuen Conde doktoreak, onena izango litzateke dokumentu originalaren kopia bat egitea; bestela, hutsak egiteko aukerak askoz ere handiagoak dira. Baina, burokraziak agintzen du han ere.
Kontua da eginda genituen hiru frogak ondo daudela, eta, oraingoz, nire gorputzean ez dela gaixotasunaren arrastorik ageri.
Galdetu zidanean zer moduz nengoen, esan nion ondo nabilela, baina lehen aldiz aipatu nion prednisona hartzen hasi nintzenetik izugarri igarri dudala libidoaren beherakada, hau da, gogoa sexuaz gozatzeko. Eta harritu egin zen: Hara, bada jeneralean kontrakoa gertatzen da, prednisona hartzearekin batera, jendea katxondo jartzen da. Zenbait kasutan, 80 eta piku urteko gizonei ematen dizkietenean kortikoideak, gero bere onetik irtenda ibiltzen dira emakumezko erizainekin, erabat lotsabakotuta. Eta barre egin genuen.
Kortikoideak eta libidoa
Ez kezkatzeko, gauza asko hartu ditudala: kimioa, ziklosporina, prednisona, eritropoietina, etab, etab,, eta batzuetan sustantzia horiek elkar eragiten hasten direnean, gure gorputza has daitekeela gauza arraroak sentitzen. Eta horrena izan daitekeela.
Laburbilduz: ondo nabil, oraindik segitu beharko dut prednisona jaisten, baina oso poliki, eta azaroan bueltatzeko Valdecillara. Bitartean, kontrol txikiak Galdakaon egingo ditut, Jesus Ojanguren doktorearekin.
Pozten gara mezu hauekin. Animo!
Jarraitu gogor, Joxe!
Aupa Joxe,
zorionak eta aurrera!
Gu ere sendatzen gaituzu, apurka-apurka.
Zer hobe osasuna baino, ezta? Irakats diezaiguzu duguna baloratzen, denok behar dugu horren apur bat-eta. Tinko lemari eusten!
Zorionak!
Segi aurrera eta bejoindezula!
Pozten nauk, Joxe. Joan den astean beste niren lagun bat, Joxe hura ere, hil egin huan minbiziarekin. Ez zekiat gogoratuko haizen baina hire liburua dedikatu hidan beretzat. Bada, azkenean ezin izan dik gainditu eta 48 urte egin berri zuelarik joan duk gure ondotik. Gogorra izan duk. Horregatik asko pozten nauk hire jakitean.
Ondo izan eta gozatu bizitzaz.
Mila esker denoi, emandako berotasunagatik. Eta sentitzen diat, Alberto, Joxeren heriotza. Gu baino gazteagoa zuan, eta dagoeneko joan duk.
Auskalo gure txanda noiz iritsiko den. Horregatik, egunean bizi eta gure ingurukoez gozatu. Horixe onena. Besarkada handi bat denoi.