Egun hauetan bilkura entzutetsu bat egiten ari da AEBetan, D: All Things Digital, eta hor jende ospetsu asko agertu da, tartean Bill Gates eta Steve Jobs, Microsofteko burua eta Appleko lehendakaria, hurrenez hurren.
Bill Gatesek hitz egin zuenean esan zuen, besteak beste, iPod musika jogailuaren salmentek ezin dutela orain bezala luze iraun, jendeak tramankulu bakarrean nahi dituelako musika, agenda, telefonoa, etab.
Ondoren Steve Jobs etorri zen, eta eskatu zien iPod bat zeukaten entzuleei jasotzeko besoa. Entzuleen erdiak besoa jasota zutela, galdetu zion Microsoften jabeari: Bill, jaso duzu besoa?, bai baitzekien Gatesek ere badaukala iPod bat. (Eskerrik asko, MacWorld)
Iazko uztailean blogintzaren inguruko biltzar sonatu samar bat egin zuten Kalifornian, BlogOn izenekoa. Informatikako korporazio handiak, eta blogista aktiboak, denetarik bertan. Microsoft-eko ordezkari batek azaldu behar zuen, bere hitzaldian, blogen kudeaketarekin zerikusia zuen IExplorer nabigatzailearen ezaugarriren bat, eta eskatu zuen eskua altxatzeko IExplorer zerabiltenak. Besorik ez.
Boing Boing-eko kontakizuna hemen baina Francis Pisani eta beste mordo batek ere idatzi zuen iaz anekdota honen gainean.