Irakurri nuenean Euskal klasikoen atarian, bilduma bat Patxi Salaberri irakasleak prestatua, ezusteko aurkikuntza egin nuen: Bizenta Mogel. 1782an Azkoitian jaioa, Mogel famatuaren iloba zen. Ipuin onac idatzi zuen, eta hor Esoporen alegiak ekarri zituen euskarara.
- Baina niri liburu horri egindako hitzaurreak eman zidan atentzioa. 1804an idatzi zuen, eta hor Bizenta Mogelek argi adierazten du pertsona bitxitzat hartzen dutela, emakumea izanda, idazten duelako. Alegia, bere garaiko moldeak betetzen ez dituelako. Hona hemen pasarte bat:
- Badakit, entzunaz beste gabe neskatx gazte baten izena dagoala itsatsirik liburutxo honen aurkean, jardungo dutela zinuka ez gutxik, diotela beren artean inoren lumaz jantzi nahi duela bela txikiak; hau da, besten beharrak hartu nahi ditudala neretzat, ez dagokiola neskatxa bati bururik hausitzea liburuginen: asko duela gorua nahiz jostorratza zuzen erabiltzea.
Bizenta Mogelek argi adierazten du hor emakume eta idazle kontzientzia, noiz eta XIX. mendearen hasieran. Mereziko luke arreta handiagoa gure partetik.