Ivan Noble kazetaria iragan otsailean hil zen, minbiziak jota, ia bi urtez bere gaixotasunaren gorabeherak blog batean idatzita. Blog hartan, inoiz ez zituen aipatu izenez bere familiako kideak. Orain, berriz, BBCk haren liburua atera duenean, Ivanen emazteak idatzi egin du BBCn.
Almut Noblek, horiek baitira bere izen-deiturak, gauza interesgarriak esaten ditu artikulu horretan. Berau irakurtzen ari nintzela, Begorengan pentsatu nuen, nire emaztearengan. Izan ere, guk gaixoaren ikuspegia eskaini dugu geure blogetan, baina zer pentsatzen dute horretaz gure emazteek, gaixotasuna gurekin batera bizi izan dutenek?
Hona hemen Almut-en zenbait gogoeta:
- Hasieran ez zitzaidan gustatu Ivan bere gaixotasunaren berri ematen hastea. Gogorra zen zure bizitza pribatua mundu guztiaren esku ipintzea.
- Hala ere, Ivanen kontakizunak are eta errealagoa egiten zuen gure egoera. Ez zegoen modurik gaixotasuna ukatzeko.
- Ivanen mezuek lagundu zidaten haren sentimenduak hobeto ulertzen.
- Bukaera aldera, konturatu nintzen nolako indarra jasotzen zuen Ivanek mezu haietatik.
- Jendearen erantzunak harrigarriak izan ziren. Ivanek sekulako babesa jaso zuen jendearen partetik.
- Muturreko emozioak bizi izan genituen: tristura itzela eta zoriona.
- Arriskutsua da pentsatzea zergatik?. Gure gorputzak oso konplexuak dira, eta batzuetan onartu beharra dugu zerbait oker daitekeela.
- Jarrera positiboa daukat, eta horrela segitu nahi dut.