Mirenek esan zidan, etxera sartu baino ez: aita, Remei hil da! Zur eta lur geratu nintzen. Banekien azken aldian makal zebilela, oso argalduta, eta oraindik ospitalean, baina ez nuen espero horrelakorik. Josu etorri zitzaidan gogora, senarra, eta Andrea eta Amaia, alabak.
**Remei Teixidó** Katalunian jaio zen orain 45 urte. Elorriora ezkondu zen, eta hemen bizi zen aspaldiko urteotan, bere familiarekin batera. Orain hiru bat urte minbizia antzeman zioten, eta harez gero hor ibili da, tratamenduekin bueltaka, ezin ezabatu gaixotasuna. Baina kementsua zen Remei, adore handikoa.
Azken kimio saioetan hasi berritan, esan zigun pozik zoratzen zebilela, kimioak ez baitzion kalterik egin. Hain zegoen pozik, ze nire liburua irakurtzen hasi zen.
Baina zuk badakizu euskaraz, ala? Begok.
Defendatzen naiz; bosgarren mailaraino ikasi nuen. Remeik.
Gero gainbehera hasi zen, kimioak kalterik ez, baina onik ere ez baitzion egiten, itxura guztien arabera. Eta atzo, eguerdian, joan egin zitzaigun. Agur, Remei. Besarkada handi bat zuei, Josu, Andrea eta Amaia.