Azalaren indarra

Lehen aldiz jakin dut baten batek erosi duela nire liburua portadagatik. Eta poztu egin naiz, ahalegin handia egin genuelako portadarekin. Batetik, nahi nuen liburuaren azalak garbi adieraztea liburuaren mamia minbiziarekin zegoela lotuta. Horretarako hautatu nuen izenburua, Medikuak esan dit minbizia dudala, eta baita argazkia ere, non ni neu burusoil agertzen naizen, kimioterapiaren ondorioz.

Atzo lagun baten mezua jaso nuen, eta, besteak beste, kontatzen zidan zer gertatu zitzaion bere lagun bati nire liburuarekin:
Gasteizko lagun batek Medikuak esan dit erosi zuen, portadagatik. Ez zuen liburua ezagutzen, baina portadak inpaktatu eta erosi egin zuen. Ostiralean deitu zidan, esateko irakurri duela. “Eta?”, galdetu nion. Erantzuna: “horrelako zerbait irakurtzeko beharra nuen”.

Eta horren gainean, Jabi Ubiernak sekulako lan ona egin zuen, ez baitzen lan erraza halako izenburu luzea uztartzea horrelako argazki batekin. Izan ere, arriskua baitzegoen azal gordinegia egiteko, eta horrek atzera eragin zezakeen hainbat jende.

Pozerako bigarren motiboa azken esaldiak eman zidan. Gasteiztar hark portadagatik erosi bai, liburua, baina gero edukiaz ere gustura geratu omen zen. Zer gehiago eska lezake egileak?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

6 erantzun Azalaren indarra-ri

  1. Kaixo Joxe. Ez nekian liburua argitaratuta zeunkanik. Azala adierazgarria da, bai. Ia erosteko aukera daukadan.

    Nire aitonak minbizia izan zuen, nire osaba batek ere bai, nire izeko bik ere bai eta baita nire lehengusina batek ere, beraz ondo dakit gaixotasunaren ondorioak zeintzuk diran.

    Liburua idaztea ideia bikaina deritxat, beste asko dagoz kasu berean eta.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Zuen kasuan esan liteke, bai, minbizia dela familiako kide bat gehiago. Horregatik, irakurtzen baduzu liburua gauza asko ez zaizkizu arrotz egingo.

    Bestalde, eta hau diotsut akaso jakingo ez duzulako, liburuak jasotzen duen guztia —hitzaurrea, hitzatzea, eta pare bat gauza gehiago izan ezik— lehenago blog batean argitaratu zela, Sustatun.

  3. egilea: Patateroa

    Joxe Aranzabalen inguruan ez nekien ezer, esistizen zenik ere, hipermerkatuan sartu nintzenean. Ingurukoen artean halako gaitzak jota dagoenik ere ez dut, zorionez. Baina pixkat depre nengoen, ez lur jota, baina bai triste xamarra, bihotzaren kontuak direla eta. Azken boladan triste, negar egin nahi baina ezin, bizitzaren komeriak.
    Horrela liburuen atalean “Medikuak esan dit minbizia dudala” metro batzutara ikusi bezain laster liburuarengana jo nuen, ziztu bizian. Izenburu esanguratsua, argia, ezin zuzenagoa, argazkiak ezin hobeto lagunduta. Irudikatu nuen gaia, ta kontra-azalak ustea baieztatu zidan. Saskira, zuzenean. Ezbairik gabe azken boladan egindako erosketarik onena.
    Kontaerak unkitu ninduen, negarrez aurkitu nuen nire burua etxeko bakardadean, gauaren soiltasunean. Behar nuen. Eskerrik asko.
    Lerro hauek idazten dituen gasteiztar honek portadagatik erosi zuen liburua, bai, baina, ez dakit, halako kutsu berezi bat dario liburuari, ireki aurretik ere, ezin azaldu.
    Ta edukiaz OSO gustura geratu nintzen, bai, unkituta, ta eskerrak eta animoak emateko beharra sentitu dut.
    Ez nuke nahi pentsatzea norberaren gaitzak ahazten ditugunik bestena irakurrita, ezta gutxiagorik ere, baina ezin ukatu eredugarri ta lagungarri direla zuk erakutsitako jarrera ta ausardia.
    Bihotzez, Joxe, EUTSI GOIARI, GOIENARI!

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko zuri, Patatero, eta pozten naiz liburuak lagundu badizu. Besarkada handi bat.

  5. egilea: patxi lurra

    Azkenean egin dot. Zeure moduan, uda hau aprobetxau egin dot irakurteko (hori gozadea!) eta tartean zeure liburua. Maiderreri urtebetetzerako “Medikuak esan dit…” oparitu deustie, eta berak irakurri ondoren neuk be egin dot, di-da batean egin be.

    Gozatu egin dot librua irakurten, batez be bihotzez idatzi dozulako, bai eta erakutsitako ausardiagaitik, hainbatek komentau deutsun hori bera. Gustau egin jat deukozun jarrera positiboa ba bai, eta konkretuki pasarte batean aipatzen dozun “Perspektiba” berba. Asuntu gatxa da askotan arazoen aurrean perspektiba hartzea (neu behin eta barriro adibide), baina neure ustez berba gako horietakoa da.

    Beste pasarte batean ataraten dozu oso gai garrantzitsua, profesionalek informazinoa emoteko modua alegia. Kontu errazik ez da, noski, baina sekulako aldea dago gauza bera modu batean edo beste batean esatean. Neuk, zoritxarrez, maiz aurre egin behar deutsat albiste txarrak esateko lan desatseginari, geure osasun-arlo honetan. Baina egin beharreko lana da eta ibiliz azkenean ikasten dozu, askotan pazienteek eta senideek eurek irakatsita.

    Gustuko hartu ez dodanik be badago liburuan. Luistxo Fernandezek idatzitako hitzatzea ez dot egokiegirik ikusi, liburuaren tonua apurtzen baitau. Hau da, Mikel Irizarren hitzaurreak guztiz bat egiten baldin badau, neure ustez, liburuaren edukiagaz, Luistxorena aldiz hotzegia iruditu egin jat. Formaz ari naiz, hori bai, edukia interesgarria dalako.

    Azkenik, Koldo Rodríguez Bengoak “Sustatu”n idatzi eban bere garaian zeure gaixotasuna zala eta. Neure adiskidea da be bai, besteak beste ezkondu egin gintuen laguna da. Eta ez dakit jakin izan dozun, baina Blog-gintzara saltoa berak be egin dau. Asteotan, AEB-etako bere udaldia kontetan dabil: http://koldosv.blogspot.com/

    Besarkada bat, Joxe.

  6. egilea: Joxe Aranzabal

    A ze loreak, Patxi! Mila esker. Pozten naiz liburua gustatu zaizulako, nahiz eta normala ere baden dena ez gustatu izana. Nik, berriz, esango dizut Luistxoren hitzatzea osagarri aparta iruditu zitzaidala.

    Eta eskerrik asko Koldo Rodriguezen berri emateagatik. Aspaldiko laguna dut Koldo, eta lagun ona, gainera. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude