Netadblog izeneko blogean irakurri dut nola Ideup marketin etxearen aholkuari jarraiturik, Espainiako bi argitaletxe Temas de Hoy eta M.R. hasi diren beren liburu berriak bidaltzen doan, hainbat blogari ezaguni. Horien artean daude J.J. Melero (Atalaya), Jose Luis Orihuela (eCuaderno) eta Mayoral (Diario de un Debianita).
Susmo txarrak uxatze aldera, blogari horiek azaldu dute enpresak ez diela eskatu kritika onak egitea, nahikoa dutela liburu horien gainean idaztea, ondo nahiz gaizki.
Kontua da marketin enpresak ohartu direla zer ahalmen duten blogek, eta baliatu nahi dutela horien eragina. Seguru asko, ez dira azkenak izango horrelako erabakiak hartzen.
Nokiak ere estrategia berdina erabili zuen duela zenbait hilabete:
Atalaya
eCuaderno
Kontua da blogek audientzia askorik ez dutela, baina iritzia sortzen oso garrantzitsuak dira, sare bat sortzen dutelako. Blog horiek irakurtzen dituzten askok beste blog bat daukate, eta blog horiek beste batzuk irakurtzen dute eta…
Marketing arduradunek badakite “boca a boca” hori oso indartsua dela mezuak zabaltzeko, eta horretarako gaur egun oso bide egokiak dira blogak.
Bai arazo hori beste herrialde batzuetan ere agertu da. Blogari baten ezaugarririk nagusia kredibilitatea izan behar dau. Bestela botere tresna bat bilakatzen da bloga. Hala ta guztiz ere beti daukazu askatasuna komentarioak egiteko edo ez egiteko edo kritikatzeko, zure esku dago beti.
Bat nator zurekin, Gari: blogek audientzia handirik ez, baina oso garrantzitsuak izan daitezke iritzia sortzen. Hala ere, Felixen oharra ere kontuan hartzekoa: blogariok sinesgarritasuna zaindu beharra dugu, ez badugu bihurtu nahi boteretsuen makulu. Eskerrik asko biei.
Joxe: zergatik zaindu behar dugu kredibilitatea blogariok, hola, modu kolektibo batean? Bestela botere tresna bilakatzen da bloga, dio Felixek. Bueno, zergatik ezin du bakoitzak nahi duena idatzi edo egin, bere interes etiko edo ekonomikoen arabera, pagatzen diotelako, edo nahi duelako… Hamar aginduak bete behar ditu blogariak? Bakoitzak nahi duena idatz beza, eta bere audientziak edo irakurleek eman biezaiote sinesgarritasuna, ospea, ala fama txarra.
Onartzen dizut kritika, Luistxo. Bi plano nahastu ditut: norberarena eta besterena. Niri dagokidanez, esan dezaket ardura didala sinesgarritasuna izateak irakurleen begietara. Beste kontu bat da besteek beste blogariek zer egiten duten, eta nola. Eta hor ez dago agindurik. Publikoa izango da epaile, telebistan gertatzen den bezala, nahiz eta askotan emaitzak ez izan norberaren gustukoak. Besarkada bat.