Gure amak 88 urte ditu, eta birritan irakurri du bere semearen liburua. Ulertzekoa, bera ere parte delako historia horretan, bere seme-alabekin batera. Baina asteburu honetan, Elorrion nengoela, amama bat etorri zitzaidan, Isidra Bernes, 80 urtekoa, eta esan zidan liburua irakurri berri duela.
Ez pentsa, kostatu egin zait, ez nago-eta ohituta euskaraz irakurtzen. Guk ikasi genuen guztia erdaraz ikasi genuen. Eta, gainera, zuk batuaz idazten duzu, nire bilobentzat egoki. Hala ere, bi egunean irakurri dut. Berak hori esan bitartean, Maite Yu zebilkion inguruan, Txinatik ekarritako bilobatxoa, Mireni eta bioi begira-begira. Balientea zara, gero, pasatu dituzunak horrela kontatzeko. Zenbait gauza irakurrita, negar egiteko gogoa egiten zitzaidan.
Mireni ere erreparatu zion: Miren, zuk ere a zelango laguntza eman diozun aitatxori! Makina bat errezatuko zenuen bere alde, ezta? Eta Mirenek, piska bat tokiz kanpo, inoiz ez baitu errezatu, baietz erantzun zion, zertxobait lotsatuta, bai, apur bat.
Neuk be zeure liburua irakurri nahi dot. Medikua naz eta interesetan jat zeure esperientzia ezagutzea, hainbat tokitan aipatutakoa. Erreferentzi bilakatu zara, Joxe, badakizu. Jakin nahi dot pazientea (“pazientzia” berbatik etorritakoa) zaren heinean ikuspuntu hori, zelan ikusten gaituzun zelabait. Zeurea ez dala planteamendu simplista izango jakinda eta horrexegaitik hain zuzen be.
Eta behin irakurrita, segiduko dot zeure liburua aholkatzen (irakurri barik, “Medikuak esan dit…” gomendatzen dodalako dagoeneko), baina argudio gehiagogaz. Baita “ohituta ez dagozanei” be.
Ondo pasau uda, Joxe.
Aupa, Patxi! Galdetzen didazu zelan ikusten zaituztedan medikuak. Horrela galdeduta, zaila da erantzutea. Bakarrik esango dizut gaixorik edo txarto nagoenean, medikuarengana jotzen dudala, laguntza bila. Eta izugarri estimatzen dudala medikuak zer ahalmen duen komunikatzeko, gaixoarekin komunikatzeko. Izan ere, a, b eta c horietaz gain, arlo teknikoaz alegia, beste elementu asko sartzen dira gaixotasunaren inguruan, eta medikuak jakin beharko lituzke horiek ere kudeatzen.
Medikuak esan liezadake nire gaixotasuna sendaezina dela. Bale. Baina esan liezadake nire gaixotasuna sendaezina dela, diabetesa edo tentsio altua diren bezala, eta, gaixotasun horiek dituzten pertsonek bezala, nik ere bizi kalitate ona izan dezakedala, nahiz eta beti ere zaindu beharko naizen. Bigarren kasu horretan medikua haratago joan da, eta ipini da gaixoaren perspektiban. Eta, nire ustez, lagundu egin dio gaixoari albistea asimilatzen.
Ez dakit erantzun dizudan galderari, Patxi. Horrela ez bada, esango didazu. Eta mila esker esandako loreengatik. Besarkada bat.
Medikuak? Norberak ama eta aita desbardinak ditu, eta medikuekin legez, erizainekin, pazienteekin,… ezin da orokortu. Susmoa deukot zeure kasuan esperientzi txarra ez dozula eduki medikuekin, edo bereziki txarra. Baina danetarik ikusi egin dozula ziur nago, danok bardinak ez garelako. Inkluso egoeraren arabera norberak era batean edo beste batean jo dezake be bai, eta mediku batez paziente batek esperientzi bat eduki dezake eta beste batek guztiz kontrakoa, ezta?
Asko gustetan jat egunkarietan zuzendariari bidalitako gutunak irakurtea, osasungintzari buruzkoak, pozik gelditu direnak, hasarre bizian dagozanak,…
Edozein modutan, zeure liburua lasai irakurri behar dot. Maiderreri oparituko deutsat aste honetan urtebetzeterako, orduan…
Gero arte.