Atzo goiza Deustuan igaro genuen, San Sebastian ospitalean. Aspalditik nuen proba bat egiteko han, PET delakoa, alegia Positroiak Igorritako Tomografia. Hori da teknika bat diagnostikoa lortzeko irudi bidez, eta erabiltzen da onkologian eta neurologian batez ere. Beraz, han agertu nintzen baraurik eta litro eta erdi ur edanda, medikuek aurretik agindu bezala. PET probak bi zati ditu: lehenean kontraste bat sartzen dizute zanetan, eta etzanda egon behar duzu ia ordubete, likido hori zabal dadin gorputzean zehar. Gela txiki batean igaro nuen tarte hori, ohatila batean etzanda, eta Beatlesen musika entzuten, nire ipotxean. Eskerrak horri.
Komunetik birritan pasata, tunel antzeko makina batean sartu ninduten, eskanerraren antzekoa, eta han ordubete luze egin nuen, geldi-geldi, momiak bezala. Klaustrofobikoa izan zitekeenez, erabaki nuen begiak itxi eta lasai egotea. Eta, egia esan, nahiko ondo igaro nuen tunela, nahiz eta bukaerarako sekulako txizagura izan.
Paper batean azaldu zidatenez, kontrastearen bidez irradia dosi txiki bat jaso nuen, radiazioa, baina eskanerrak eragiten duena baino txikiagoa omen.
Kontua da makinatik irten nintzenean, zorabiatuta moduan irten nintzela, nahasita, ez dakit kontrasteak eraginda edo zerk. Hori zela eta, etxera bidean ez nintzen ausartu autoa gidatzen, eta behin etxean, ohera sartu eta atsedena hartu nuen.
Azken bisitan Valdecillan, hango medikuak azaldu zigun garaia zela diagnostiko sakon bat egiteko, jakin genezan nola nagoen hezur-muinaren transplantea egin eta urtebete eta erdira. Horretarako hiru proba egin behar genituen:
Hiru proba diagnostikorako
- Eskanerra. Joan den otsailean egin genuen, Galdakaon. Esan zidatenez, emaitzetan ez zuten ezer susmagarririk aurkitu.
- PET. Atzo egindakoa. Gai radioaktiboak erabiltzen ditu aztertzeko organoen funtzioa eta egitura. Emaitzak Galdakaoko ospitalera bidaliko dituzte.
- Kimerismoa. Valdecillan bertan egin zidaten, baina ez dugu emaitzaren berri izango maiatza arte, hurrengo kontrola dugunean. Kimerismoan neurtzen da nire hezur-muinaren egoera, jakiteko hor Fatima arrebak emandako zelulak diren nagusi ala lehengo nireak.
Beraz, hiru probak eginda daude. Orain maiatza arte itxaron behar hiruren berri jakiteko.
Blog honek badauka gauza haundi bat, eta zera da: ahaztu egiten gerala probak egin beharrean zaudenik. Nik jasotzen dedan inpresioa da, zeharo osasuntsu zaudela, probak egiteko inolako beharrik gabe. Gaurkoa bezelako mezuek gogorarazten didate pasa beharreko saltsa horretan zaudela, pixagurea sentitu beharrean tarteka tunel baten barruan, eta horrelakoetan…
Baina kontatzeko erabilitako tonua, zoragarria da. Azken finean, aukeratu egin behar da tonua idazterakoan ezta? Eta horrek bai behartzen zaitu pixkat norabide zuzenean ibiltzera. Inbento haundia da blog-en asunto hau, zalantzarik gabe.
Asko ikasten da hemen!
Probak bukatzen dituzunean, ez gero idazteari utzi e?