Liburuaren oihartzuna

Hilabete pasatxo igaro da Donostian aurkeztu genuenetik Medikuak esan dit minbizia dudala, eta dagoeneko agertu da liburu salduenen buruan. Lehen kritikak ere agertu dira han-hemenka. Martxoaren 30ean, Correoren Territorios gehigarriak liburu salduenen zerrenda zekarren, eta euskarazkoen artean, gure liburua agertzen zen buruan, ez fikziozkoetan. Hau zen sailkapena:

  1. Medikuak esan dit minbizia dudala. Joxe Aranzabal. Elkarlanean.
  2. 2003 eta 2004 azterketak EGA. Eusko Jaurlaritza.
  3. Griot. Jon Arretxe. Elkarlanean.
  4. Bakarka. Letamendia/Mujika. Elkar.
  5. Euskaldunen anekdotak. Juan Luis Goikoetxea. Mendebalde.

    Joan den ostiralean, berriz, Felipe Juaristik argitaratu zuen kritika bat Diario Vascoren Kultura orrietan, Lekukotza izenarekin. Ondo dago idatzita, baina harrituta geratu nintzen bukaerako esaldiarekin: “Liburua irakurrita esan dut ‘gizon hau ez da gure garaikoa. Presokratikoa dirudi’”.

Felipe Juaristiren kritika

Badaezpada, entziklopedian begiratu dut ea zer dioen presokratikoen gainean, baina hor ez dut argi handirik aurkitu: Sokrate-ren aurreko filosofoei deitzen zitzaiela horrela, Kristo aurreko VII. mende bukaeratik K.a. V. mende artean bizi izan zirela Grezian, eta gauzen arrazoia edo printzipioa bilatzen ahalegindu zirela.

Urrutira bidali nau Felipe Juaristik, baina oraindik ere asmatu ezinik nabil zergatik idazle azkoitiarrak ipini nauen halako konpainia ederrean. Baten batek antzemango balu, eskertuko nioke argibidea.

Atzo, berriz, El Correok argitaratu zuen orrialde osoko elkarrizketa bat Gipuzkoako edizioaren barruan. Ricardo Díez kazetariak egin zidan oporretara joan aurretik.

Correon eta Berrian

Aste honetan, bestalde, egunero galdera bati erantzungo diot Berria egunkariaren Galde-eskean izeneko atalean. Irakurleek galderak helaraziko dizkidate Berriaren webgunetik, eta nik erantzun atal horretan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Liburuaren oihartzuna-ri

  1. Susa literatura argitaletxean badugu kritiken hemeroteka bat, eta euskal liburuen kritikak batzen ditugu bertara. Euskaraz argitaratzen diren kritika guztiak -bai ezta?- batzen saiatzen gara, eta uste dut lortu ere lortzen dugula.

    Felipe Juaristirena ikusi dut Susako gunean, eta berriak agertu ahala han geratuko dira.

    Gainera, bilatzailearen bitartez, berdin topatuko dituzue egile bati buruzko kritikak, liburu bati buruzkoak, argitaletxeka sailkatuta edo kritikari batek egindakoak. Bilatzaileak aukera hoiek ematen dizkigu, Google berak baino zehatzago.

    Liburua jadanik kalean dago, eta idazlearen eskuetatik haratago dagoen bidea egingo du orain, idazlea orain irakurle bilakatzen baitu, ezta Joxe?

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Patxi!

    Arrazoia duzu: Susa argitaletxea sekulako lan ona egiten ari da sarean aspalditik, eta, besteak beste, hemeroteka eder bat sortu du, non begira dezakegun zer atera den euskaraz idatzitako edozein libururen gainean.

    Txaloak eta zorionak merezi dituzue egiten duzuen lanagatik.

    Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude