Petrus lagunak galdetu zidan atzo zeintzuk diren nire libururik kutunenak euskal literaturan. Dekalogoaz galdetu hark, eta hamar liburu eskainiko nik, garbi utzita liburu hauek zirrara berezia eragin zidatela irakurri nituenean. Horregatik, nire zerrenda osatzen dute, ez beste inorena.
- Egunero hasten delako. (1969) Sekulako zirrara eragin zidan bai Saizarbitoriaren estiloak eta baita liburuaren edukiak ere. Uste dut liburu horrekin sartu nintzela helduaroan, nahiz eta plazaratu eta urte batzuk geroago irakurri nuen. Hordago.
- Ipuin antzeko alegi mingotsak. (1975) Mikel Zaratek idatzi zituen alegiok, eta Gero argitaletxeak kaleratu. Izugarri gozatu nuen, eta hor aurkitu, beste inon baino argiago, Mikel Zarateren kosmogonia.
- Hamaseigarrenean aidanez. (1983) Kanadan nengoela irakurri nuen, zur eta lur Anjel Lertxundik nolako maisutasunez jasotzen zuen baserri giroko mundu itxia. Erein.
- Narrazioak. (1984) Oraindik gogoan dut nola irakurri nuen liburu hori Ottawako Parlamentuaren ondoko parke batean, harriturik Sarrionandiaren fabulatzeko ahalmenaz, eta idazteko dotoreziaz. Elkar.
- Sasiak ere begiak baditik. (1986) Zenbat barre egin nuen liburu hori irakurtzen! Zor nion Aingeru Epalzari aitorpena, liburua oso atsegina izan baitzen. Elkar.
- Obabakoak. (1988) Urte batzuk geroago irakurri nuen, baina harrapatu egin ninduen alde guztietatik. Maisulana, edozein aldetatik begiratzen diozula ere. Erein.
- Behi euskaldun baten memoriak. (1991) Hiru bat aldiz irakurri dut, eta gero eta gehiago gustatzen zait. Maiteminduta nago liburu horrekin. Pamilela.
- Gerezi denbora. (1999) Gerra Zibila Inazio Mujika Iraolaren ikuspegitik. Haren estiloak harrapatu egin ninduen. Alberdania.
- Eulien bazka. (2003) Behin hasita, ezin liburua esku artean utzi, amaitu arte. Horrela harrapatu ninduen Hasier Etxeberriaren liburu horrek. Susa.
- Han goitik itsasoa ikusten da. (2004) Zelan gozatu nuen liburu hori irakurtzen! Julen Gabiriak begirada du berezia, eta liburu horretan ederto erakusten du zer dohain dituen fabulatzeko eta kontatzeko. Elkar.
Goiko horiek dira nire liburu kutunak. Nahi baduzu egin zuk zeure zerrenda, eta utzi hemen, erantzun batean.