Atzo Kursaalen izan nintzen, Donostian. Hara joan ginen 18/98 + taldeak deituta, babesa eskaintzera berrehundik gora inputatu euskalduni, zein Espainiako Audientzia Nazionalak akusatu baititu ETArekin nahastuta, eta legea bera urratuta kasu askotan.
Aretoa beteta zegoen, eta ekitaldia ondo antolatua, hiru berbaldi nagusirekin, luzeak nire iritzirako. Musika ere izan genuen, eta Txoria Txori abestu zutenean, Joxanton Artzeren kanta zoragarria, oilo ipurdia azaleratu zitzaidan.
Jose Mari Elosuak, Maite Aristegik eta Mariano Ferrerek esandako hitzek egiaztatu zidaten zer tamainatako bidegabekeria antolatu den Madrilen, era guztietako disidentzia ezabatzeko, beti ere legearen izenean, legea bera urratuta bada ere. Eta, bidegabekeriatik bidegabekeriara, gogoratu nintzen bizkarzaina behar duten beste euskaldun mordo horiekin, eta hortik zeharreko espetxeetan sekulako zapalkuntza nozitzen dituzten euskaldunez.
Nahi badu aurrera egin, herri honek bakea behar du. Eta horretarako, ETA desagertu egin behar da, hori lortuta ere, denbora dezente beharko baita azken aldian irekitako zauriak senda daitezen. Baina ez gara horren zain geratuko: datorren larunbatean Bilbora joango gara justizia eskatzera 18/98 makro sumarioan inputatuentzat, eta hiritar guztiontzat.