Aurki berritua

Errotik aldatu da Aurki bilatzailea. Izan ere, bilatzaile ez ezik, orain albiste biltzaile bihurtu da. Aurkiren atzean orain robot bat dago, eta robot horrek bildu egiten ditu, aldian behin, euskaraz argitaratzen diren albisteak, baldin eta albiste iturri horiek RSS erabiltzen badute.

RSS da XML hizkuntzaren dialekto bat, eta batez ere erabiltzen da kazetaritzan, informazioa zabaltzeko. Beste antzeko dialekto batzuk sortu dira farmazia industriarako, bankuentzat, eta liburutegiek, besteak beste, erabiltzeko. Gure kasuan, jakin dezakegu webgune batek erabiltzen duenentz RSS edo XML, ikusten baditugu han bertan izen horiek kutxa laranja koloreko batean. Orain arte batik bat blogek erabili dituzte feedak, horrela ere deitzen baitzaio RSSri, baina gero eta gehiago ari da zabaltzen egunkari digitaletan, bereziki AEBetan.

Aurkik, beraz, jasotzen du euskaraz sarean argitaratzen den ia informazio guztia. Atentzioa ematen dit oraindik hor ez agertzea Berria eta Argia digitalen informazioa, baina hori ez da Aurkiren errua. Hori da egunkariak eta astekariak ez dutelako RSSrik erabiltzen. Animatu egin beharko lirateke, baita eitb24.com, horrela beraien informazioak benetan beteko bailuke Iparragirreren lelo hura, eman da zabal zazu, horixe egiten baitu RSSek.

Aurkik ederki egiten du lan hori, eta dotore, nire gusturako izugarri hobetu da-eta itxurari dagokionez. Argiagoa ikusten dut orain, eta hobeto antolatua, kontuan hartuta informazio kopuru handia kudeatzen duela. Zorionak, beraz, Eibar.org erakundeari eta CodeSyntax enpresari. Beste behin, bete-betean asmatu dute.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude