Joan den astean Mallabian izan ginen, Orbea enpresa bisitatzen, Humanitateak-Enpresako ikasle batek han egingo baitu karrera amaierako proiektua. Orbeak bizikletak egiten ditu. Era guztietako txirrinduak.
Harrituta geratu nintzen, entzun nuenean Orbeak orain 160 urte sortu zela, Eibarren. Artean, baina, arma laburrak egiten zituen, pistolak-eta. Bi mundu gerren artean, berriz, krisialdi gogorra igaro, eta orduan hasi ziren bizikletak egiten, armagintzako beste hainbat enpresak egin zuten bezala Europan.
Urte luzetan, Orbearen bizikletak merkaturatu ziren logo zaharra zutela: bi pistola gurutzatuta, Orbea izenarekin.
> armagintzako beste hainbat enpresak egin zuten bezala Europan Bai, birmoldaketa hori beste hainbat arma enpresatan egin zen Eibarren. Bide beretsutik pasa ziren armak egitetik bizkletak egitera Beistegi Hermanos (BH bizikletak) eta Garate, Anitua y Compañia (GAC bizikletak) enpresak ere. Alfak ere armak egiten zituen eta gero josteko makinak egitera pasa zen. oier.
Horregatik ez ditut ulertzen nik musikarien nigarrak. Merkaturik eta dirurik ez badago, negozioa aldatu behar. Hori Eibarren egin zen armekin, Bilbo aldean egin zen duela 20 urte eta orain Izar untzioletan egin behar dute. Konta diezaiotela ipuin hori musiko ez diren bokaziodun hainbat artistari.
Harrigarria da, bai, nolako kemena izan zuten arma enpresa horiek horrelako aldaketa egiteko. Nork esango zidan niri argamintzan aritua zela GAC enpresa, txikitan izan nuen bizikleta berdearen egilea, hain zuzen? Eta musikari dagokionez, horiek ere esnatu egin beharko dira, nahi badute norbait izan garai berrietan. Julen Gabiriak idatzi du zerbait bere blogean horren haritik.