Herenegun, jakin bezain laster eskuragai zegoela Skype programa mac-entzat (aurretik beta bertsio bat zegoen), jaitsi eta instalatu egin nuen. Atzo, berriz, estreinatu.
Jon Larrañagak deitu zidan Milwaukee-tik, gure lobak, eta ordu erdi-edo egin genuen telefonoz hitz egiten, xoxik ere ordaindu barik, horixe baitauka Skypek: doakoa da, eta ordenagailutik ordenagailura deituz gero, ez du kosturik. Horrek eskatzen du alde bietako ordenagailuek Skype edukitzea. Badago, ordea, beste modalitate bat: SkypeOut, eta hori erabiltzen da ordenagailutik etxeko telefono normal batera deitzeko. Kasu horretan, norberak erosi egiten du denbora: adibidez, 20 euro. Eta diru horrekin, dei mordoa egin daitezke, eta denbora luzez.
Bi modalitate horiek merezi dute, lehena doakoa baita, eta bigarrena oso-oso merkea. Ordenagailutik sakelako telefonora, ordea, ez deitu, oso garestia da-eta. Jon AEBetara joan zela-eta, bost anai-arrebetatik lauk dagoeneko erabiltzen dugu Skype, batez ere lobarekin hitz egiteko. Baina baita gure artean berba egiteko ere.
Skypekin batera, eta aldi berean, erabiltzen dugu Messanger programa. Horri esker, eta kamera txiki baten laguntzarekin, hitz egiten dugunok pantailan agertzen gara. Beraz, Skype eta Messanger uztartuz gero, emaitza da bideo konferentzia. Eta hori guztia, musutruke, Messanger ere doakoa baita (Yahoo!, AOL zein Microsoft aukeratu).
Senide edo lagunen bat duzuenok etxetik urruti, ez itxaron gehiago, eta jaitsi Skype. Erosi kameratxo bat, eta mikro sinple bat, eta gozatu.
Nik atzo probatu nuen Skype Suedian dagoen lagun batekin, eta egia esan oso ondo zebilen. Bere ahotsa moztu egiten zen une batzuetan eta berak esan zidanez nirea ere bai.