Ni Mondragoen jaio nintzen

Goiena.net-en irakurri dut Euskaltzaindiak ez duela onartu Mondragoe izena Gipuzkoako Herri Izendegian. Orain urte dezente, ostera, Arrasate eta Mondragoe, biak, onartu zituen euskal izen jatortzat.

Egia esan, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak erabaki hura hartu zuenean, mondragoetarron artean askoz ere erabiliagoa zen Mondragoe Arrasate baino. Nire inguruko euskaldun zahar guztiek Mondragoe deitzen zioten gure herriari. Ni ere Mondragoen jaio nintzen; beraz, mondragoetarra naiz.

1988ko abenduaren 2an Arrasate Press herri aldizkariaren lehen alea atera genuenean, editorial moduko bat idatzi genuen, Kaixo Arrasate, eta han apropos idatzi genuen Mondragoe izena, hura ere geuretzat jotzen genuelako:

AEDren eskutik plazaratzen gara, Mondragoeko udalaren laguntza ezin hobeari esker.

Orain, berriz, Euskaltzaindia dator, eta esaten du ez duela ontzat hartzen Mondragoe. Ez dut pitorik ulertzen, eta eskertuko nioke euskal akademiari lagunduko balit konprenitzen zergatik hartu duen erabaki hori.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Ni Mondragoen jaio nintzen-ri

  1. egilea: Anonymous

    “Bittorixa” onartzea, “Panplonia” onartzea bezala litzateke. “Bittorixa” zalantzarik gabe “Vitoria” izen erdaldunetik dator, eta hau aldi berean Nafarroako erregeak Gasteiz birbataiatu zuen “Nueva Victoria” izenetik. Toki-izen euskaldun bat izanik, erdarakada bat onartzea gaizki deritzot. Ez da berdina gertatzen Tuteran adibidez, non hiri honen bi toki-izen euskaldun ezagunak (Tutera eta Muskaria) erdal jatorria dute (Tudela eta Mosquera, urrenez-urren). Kasu honetan bi izenen Euskaltzaindiaren onarpena herritarrek edo Udalak (gertatuko al da horrelakorik noizpait?) eskatuko balute, ulergarria ikusiko nuke. “Mondragón” izenaren jatorria ez dakit zein den. Euskal jatorria izango balu ez nuke Euskaltzaindiaren onespenaren ukazioa ulertuko.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Hori izan liteke arrazoi bat, Mondragoek erdal jatorria izatea. Hala ere, euskarak hitz asko ditu jatorria latinean edo gaztelanian dutenak. Eta oraindik ere, askok erabiltzen dugu Mondragoe gure herria izendatzeko. Beraz, hitz hori ez da fosil bat.

  3. egilea: ninini

    Gasteizen gauza bera gertatzen da, gutxi gorabehera… Euskaldun zaharrek Bittorixa esaten dute, eta Euskaltzaindiak Gasteiz besterik ez du hobesten. Gaztea naiz, baina imajinatzen dut orain 30 urte oso jende gutxik erabiliko zuela “Gasteiz”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude