Atzo irakurri nuen egunkari atzeratu batean, nola EHUk egoitza bat egingo duen ikasleentzat Donostian, eta egoitza horrek Manuel Agud Querol zenaren izena eramango duen.
Aspaldi batean, batxilergoa ikasten ari ginela, Manuel Agud Querol gure irakasle izan zen Peñaflorida Institutuan, Donostian. Greziera irakasten zigun, baina, horregatik baino, nik gogoratzen dut Manuel Agud, haren izaera irekiagatik. Haren eskola orduek parlamentu txikiak ematen zuten askotan, denetik eztabaidatzen baikenuen. Burgosko epaiketaren urteak ziren, urte latzak, baina guk askatasun erabatekoa genuen ikasgelan edozertaz hitz egiteko, nahiz eta zenbait gauzatan hark eta guk ikuspegi desberdinak izan.
Horregatik estimatu izan dut beti Manuel Agud Querol, eta uste dut inoiz izan dudan irakaslerik onenetakoa izan zela, unibertsitatean aurkitu nituen gehienak baino hobea. Horregatik, poztu egin naiz irakurri dudanean ikasle egoitza berria Manuel Agud Querol deituko dela.