Gaur Bernardo Atxagaren liburu bat grabatu dut gure iPod txikian, Hitz beste eginez, garai batean Atxagak Herri Irratian egindako irratsaio sorta laburra, eta Pamiela argitaletxeak argitaratua Phonogauzak bilduman. Eta horrela irten naiz paseatzera, Atxagaren konpainian. Lehendik ere entzuna nuen disko hori, Valdecillan izan nintzenean hezur-muinaren transplantea egiten, nirekin eraman bainuen bakargelara.
Esperientzia primerakoa izan da: bikain entzuten zen, eta benetan gozatu dut, Atxaga kontalari bikaina delako. Nafarroako erresuman barrena eraman nau, Paris eta Akapulkotik igarota; barre eragin dit, eta baita zer pentsaturik ere.
Hurrengo batean, ordea, saio guztiak segidan entzun partez, tartekatu egingo ditut musikarekin, astia izan dezadan entzundakoaren mamia hausnartzeko.