Urtarrilaren 1az gero Pello Zabalak utzi egin ditu eguraldi kontuak Euskadi Irratian. Pena hartzen dut, urte hauetan gauza asko ikasi baititut eguraldiaren gainean, eta denak Pellori esker. Ikasi ere, ikasi ditut modu patxadatsuan, berari dagokion moduan, eta euskara ederrean.
Atzo ikusi nuen Pello ETBn, eta pozik sumatu nuen eguraldi kontuetan erretiroa hartu duelako. Hala ere, jakina baita Pello EHKME Fundazioko kidea dela, zalantza geratzen zait ea erretiratzeko erabakian zerikusirik izan duen Euskalmet erakundearen jarrerak, zeinek aurrerantzean goitik behera kontrolatuko baitu eguraldiaren gaineko informazioa EITB taldean.
Elkarte pribatua izanda, EHKME Fundazioak baimena ematen du, feed bidez, bere webguneko informazioa zabaltzeko. Goiena.net-ek eta Uztarriak ederki aprobetxatzen dute aukera hori. Euskalmetek, berriz, erakunde publikoa bera, abisu larri hau dauka bere webgunean: “Debekatuta dago informazio hau, osorik nahiz zati bat, beste inon berariazko baimen idatzirik izan gabe sartzea”. Jarrera deitoragarria, eta kontraesan garbian erakundearen izaera publikoarekin.
Baina Pellorengana itzuliz, eskertu nahi diot orain arte egindako lana, eta urte emankorrak izan ditzala hemendik aurrera.
Zehazki zein da Euskalmet-en aurkako kexa? 1.- Euskal Autonomia Erkidegoak bere meteorologia zerbitzua izatea? 2.- Euskalmet-en zerbitzuak, obra guztien %99’ak bezala eskubideak erreserbatuak izatea? 3.- Eusko Jaurlaritzaren telebistak, Eusko Jaurlaritzaren meteorologia zerbitzuak kontratatzea? Arazorik ez dagoen tokian gatazka bat bilatu nahia bakarrik ikusten dut.
Anonimoari erantzunez. Erakunde publiko bati, herri diruarekin finantzatzen delako, eska dakioke beste sentiberatasun bat informazioa plazaratzeko orduan. Erakunde horrek ziurtatuta ditu diru iturriak, beraz, ez luke ezer galduko berak lantzen duen informazioa RSS bidez Interneten zabaltzen utziko balu. Nik hortxe ikusi dut arazoa, uste baitut hori arazo bat dela. Mikel Irizar, aldiz, kexu da Euskalmeteko jendeak erabiltzen duen euskara pobrearekin.
Lehenengoari dagokionez oso errex konpondu daitekeen arazotxo bat da. Suposatzen dut beharrezko kexa bideratu ezkero Euskalmet’eko teknikariek hau konpontzeko baliabideak martxan jarriko dituztela. Bide batez, hona hemen Euskalmet’en meteo iragarpena “pirateatzen” duten bi webgune: http://www.argia.com eta http://www.euroberri.tk Eta bigarren kasuari dagokionez, zurekin ados nago, langileen aukeraketa egiteko orduan beren euskara maila hobeto aztertu behar izan beharko lukete. Adeitasunez.
Niri dagokidan partea argitzearren, ez daukat inongo kexurik Euskalmet sortu delako, ondo deritzot asmoari. Pena da sortu dela zerotik bezala, aurrez ezer ez balego moduan. Hori gertatu izan da beste arlo batzutan, baina meteorologian preziso lan ederra dago egina, hizkuntza lantzeko, jakinduria zaharra zientziarekin uztartzeko… eta oraingoz Euskalmeteko esatariek ez dute jaso. Eguraldiaz hitz egiten dute trafikoaz bezala. Horrek eragin dit pena. Badakit mundu berria ari dela ordezkatzen zaharra, eta ez nago horren kontra, baina nahiago nuke katea etengo ez balitz.
Pello desagertzea penagarri zait niri ere, eta are penagarriago Pelloren ekarria bere ondorengoek jaso ez izana. Haren hiztegia, esaldiak edo jakinduri tradizionalaren eragina pikutara bialdu dituzte kolpean: inularra, frantziparra, eta horiek guztiak. Ohitu egingo gara Euskalmeteko berriemaile ganorabakoetara. Baina ezin uka zerbait handia galdu dugula. Mila esker, Pello!
Nik ere eskerrak eman nahi dizkiot Pellori. Eguraldi mundua eta euskara zalea naizen aldetik erakutsi didan guztiagatik. Ondo segi Pello!! Oskar Alberdi