Garun-isuri batek eraman du Jose Ramon Elorza euskaltzale, kooperatibazale eta lagun handia. Di-da. Maite genuenok penaz utzi gaitu, energiaz beteta zegoen-eta.
Aspaldi izan nuen Joserraren berri, ni gaztetxo nintzela, euskararen aldeko mobida guztietan zebilen-eta, garai txarretan batez ere. Lanetik aparte (Alecopen eta Ikerlanen gogoratzen dut), lan izugarria egin zuen San Frantzisko Ikastolan, esate baterako, bertako zuzendaria izan baitzen zenbait urtez. Elkarrin ere ibili zen, bakearen alde egin nahian. Erretiroa hartu ondoren ere, inplikatu egin zen, bereziki Arizmendiarrietaren lagunak elkartean eta Mundukide Fundazioan, hango elkartasun proiektuak bultzatzen.
Arrasate Telebistan
1989an, behin Arrasate Press sendotuta, hasi ginenean Arrasate Telebista izango zena prestatzen, Jose Ramon Elorza ere buru-belarri inplikatu zen proiektuan. “Erretratoa” saioa aurkeztera konprometitu zen, elkarrizketa programa bat, herriko jende esanguratsuarekin eginda.
Berak aukeratzen zituen elkarrizketatuak, berak egiten zituen gestioak haiekin harremanetan jartzeko, eta berak prestatzen zituen galderak. Kriskitinak baino pozikago etortzen zen, beti optimista.
Urtebete luzean (edo gehiago, ez bainaiz ondo gogoratzen), jende asko pasatu zen Arrasate Telebistako plato xume hartatik.
Utzi nituenean Arrasate Press eta ATB, neuri deitu zidan elkarrizketa egiteko. Ez nuen gogorik telebistan agertzeko, baina hari ezin ezetzik esan, urtebete lehenago neuk proposatu nion-eta elkarrizketa programa egitea.
Handik aurrera, leku askotan egin genuen topo, eta bera beti irribarren handi batekin.
Jakin dudanean hil dela, apur bat umezurtz gelditu naiz, triste, lagun handi bat galdu dudalako.
Mila esker, Joserra, eskaini diguzun guztiagatik, eta zure familiari, besarkada handi bat.