2002ko irailaren 11 izan zen. Etxeko medikuak gomendatuta, Galdakaoko ospitalera joan ginen, begiratzera zergatik nuen barea handituta. Eta han, linfoma bat nuela esan zidaten, linfoma folikularra.
Bi urteko bidea egin nuen, lanera itzuli aurretik. Lehen urtean kimioterapia eta tratamentu monoklonala jaso nituen, Galdakaon bertan. Bigarrenean, aldiz, Santanderrera joan nintzen, bertan hezur-muinaren transplantea egitera, emailea Fatima arreba zela. Ondorengo hilabeteetan joan-etorrian ibili nintzen Kantabriako hiriburura, harik eta berriro Galdakaora itzuli nintzen arte, Jesus Ojanguren hematologoaren zaintza jasotzera.
Txile eta AEBak
Sustatun nire gaixotasunaz idatzi nuen lehen mezu hartan, Medikuak esan dit minbizia dudala, Txile eta AEBak aipatu nituen, bertan estatu-kolpe odoltsua (1973) eta Dorre Bikien eraistea (2001) gertatu baitziren irailak 11 zituen egunetan. Gaur egun Txile askoz hobeto dago. AEBek, ostera, beldurra ematen dute, bertan intolerantzia nagusitzen ari bait.
Katalunia bihotzean
Orduan ez nintzen konturatu irailaren 11 guztietan Kataluniak Diada ospatzen duela, katalanen eguna. Azken aldian, berriz, ordu asko egiten ditut Kataluniara begira: katalanez ari naiz irakurtzen eta katalana ikasten, ohartu bainaiz, hango politikarien ika-mikak gorabehera, miresten dudala herri katalana eta bertako kultura.
Hogei urte eta kito
Gogoan dut 2002ko irail hartan, Galdakaoko ospitalean nengoela, behin baino gehiago desiatu nuela hogei urte gehiago bizitzea, eta gero gerokoak, hartara Miren alaba ikusiko bainuen hazten.
Joan dira hogei urte haiek, eta Mirenek 27 urte ditu dagoeneko. Bete da nire orduko desira. Baina tarte honetan bi neba-arreba galdu ditugu: Begoña eta Ramon, biak glioblastoma batek jota, buruko gaitz oraingoz sendaezina. Eta bien falta sentitzen dut.
Leonard Cohen kantariaren azken diskoa gogoan, neuk ere esango dut: “gertu nago”. Gero gerokoak.
Besarkada bat Joxe, milesker irakurleokin partekatzeagatik.
Eskerrik asko zuri, Eneko. Besarkada bat.