Astebete joan da Ramon anaia hil zenetik. Oraingoan harekin bizi izandako bost une ekarriko ditut blogera:
- Aldizkaritxo sepia kolorekoak. Ez dakit nondik jiratzen zituen —seguruenik auzokoen artean egiten genituen komiki-trukeetan edo kirol-aldizkari batetik, ez dakit—, baina mutiko garaian noiz edo behin Ramonek ekartzen zituen etxera aldizkaritxo monografiko batzuk, sepia kolorekoak, kirolarien ingurukoak. Eta txukun-txukun gordetzen zituen maleta zahar batean, gure logelako armairu batean geneukana. Gehienak futbol atezainak izaten ziren (Karmelo, Arakistain, Dominguez…), Ramonek atezainak miresten baitzituen orduan. (geroago, berak ere jokatu zuen Mondra jubeniletan eta Zaldibar frontoian, Mondragoen, antolatzen zen futbol-txapelketan). Baina haien artean ere baziren aspaldiko boxeolari handien biografia argazkidunak: Primo Carnera, Paulino Uzkudun, Joe Louis, Max Schmeling… Behin eta berriro hitz egiten genuen kirolari haien inguruan, eta haren eskutik zaletu nintzen neu ere kirol horietara eta beste batzuetara.
- Soldadutzatik bueltan. Ramonek soldadutza amaitu eta Arakatik etxeratu zenean, nik etxetik irtetea egin nuen, Burgosera nindoan-eta, bertako ospital militarrera, jakiteko ea soldadutzatik libratzen nintzen edo ez. Handik lau egunera, gurasoen etxean nintzen bueltan, loterian sari potoloa tokatu balitzait bezain pozik. Gurasoei kostatu zitzaien berria sinestea, eta gure logelara joan nintzenean, hantxe zegoen Ramon, bere ohe gainean, artean soldadutza amaitu berriaren arrastoak buruan eta ilean. Aurpegira begiratu, eta esan zidan: “Ez dakizu zelako potra izan duzun!”. Bere esanetan, berak nahiko ondo toreatu zuen soldadutza bera, baina denbora-galtze ikaragarritzat jotzen zuen.
- Martutenen. Espetxeko patioan nengoela zenbait presorekin, abisua jaso nuen bisita nuela. Aste batzuk lehenago, 1977ko hasieran, Goardia Zibilak salatu egin gintuen Garaia aldizkariko bi kazetari, ustez iraindu egin genuelako instituzioa, aldizkarian idatzitako bi artikulutan, eta epaile militar batek espetxera kondenatu gintuen. Beraz, bisita-aretora abiatu nintzen, jakin barik nor nuen zain. Ramon zen, burdin-sarearen beste aldean jarrita. Euskaraz hasi ginen berbetan, zer moduz eta horrelakoak, eta, handik puntuko, zaindari batek ohartarazi zigun ezin genuela euskaraz hitz egin, gaztelaniaz hitz egin behar genuela. Orduan Ramonek eta biok amaitutzat jo genuen bisita. Jaiki eta agurtu genuen elkar. Hogeita hamar bat urte geroago, gogoratu genuenean une hura, aitortu zidan: “Ez dakizu zenbat negar egin nuen automobilean, handik irten eta etxera bidean!”. Mutu geratu nintzen.
- Lehen korrikaldia. Joan den mendeko 70. hamarraldiaren amaiera aldera, lasterka egitea boladan jarri zen, Euskal Herrian bezala beste herrialde batzuetan ere. Jendea trumilka hasi zen joaten Behobia-Donostia lasterketara, eta han eta hemen antolatzen ziren maratoietara. Guri ere sartu zitzaigun harra, eta geratu ginen elkarrekin joango ginela proba egitera, nora eta Eskola Politeknikoko atletismo-pistara, Mondragoen bertan. Lanetik irtenda, gure Zarugaldeko pisuan jantzi ginen. Handik, oinez abiatu ginen Eskolaraino, kikilduta, lotsa ematen zigun-eta kalean denen bistan arineketan egiteak. Atletismo-pistara iritsi ginenean, bertan zeuden Mondrako futbolistak ere, belarretan entrenatzen, foku batzuen argipean. Garaiera erdiko gizon batek ikusi gintuen pistan sartzen. Bat, bi eta hiru, eta hasi ginen lasterka, poliki-poliki. Hiru bira eginda, erretiratu egin ginen, ezin genuen-eta gehiago. Alde egiterakoan, garaiera erdiko gizonak gu antzeman, eta esan zigu: “¿Eso ha sido todo? Pues vaya hostia!”. Eta guk lotsa-lotsa eginda egin genuen alde.
- Ramon, aita. Lierni haurdun geratu zenean, gure ama izugarri kezkatu zen, zelakoa irtengo zen Ramonen haurra, Ramon umea lurrikara baten parekoa izan baitzen amaren bizitzan. “Mutikoa, mutikoa! —esaten zion Ramoni—, umea zeu izan zinen piperraren laurdena baldin bada, erruki!”. Usue baina, pastel hutsa jaio zen, ezinago lasaia, eta Ramon eraldatu egin zen. Handik aurrera, sekulako pazientzia garatu zuen, haren begietan Usue baino ez baitzegoen. Ama mirestuta zegoen umeak zelako aldaketa eragin zion Ramoni. Gu ere bai, handik aurrera beste Ramon bat ezagutu genuen-eta, askoz lasaiagoa.