Ramon Aranzabal: dolu-egunak

Ramon Aranzabal bere estudioan, Bergaran. (Argazkilaria: Usue Aranzabal)

Glioblastomak bigarren biktima eragin du gure familian. 2019ko abuztuaren 2an, Begoña arreba zaharrena eraman zuen, gure familiako iparrizarra. Hogeita sei hilabete geroago ia, Ramon anaia kendu digu, familiako artista eta poza.

Zer da baina, ditxosozko glioblastoma? Garuneko tumore gaizto bat. Espezialistek diotenez, nerbio-sistema zentraleko minbizi hilgarriena da, garuneko tumore gaizto gehienen eragilea. Oldarkorra da, inbaditzailea eta azkar hazten da, eta horrek erresistentea egiten omen du lehendik dauden tratamenduekiko. Gaixo asko minbizia agertu eta urtebetera hiltzen dira. Tratamendu barik, ostera, gaixoak dezente gutxiago iraun ohi du.

Kasualitate bikoitza

Ramonek abuztuaren 2an jakin zuen tumore bat zeukala buruan (egia esan, bi tumore agertu zitzaizkion, bat handi samarra), justu bi urte bete zirenean Begoña arreba hil zela. Handik egun gutxira jakin zuen buruan zeukana glioblastoma bat zela, Begoñak hil zuen gaitz bera.

“Pena hartzen dut —esan zigun telefonoz ospitaletik ahots lasaiarekin— batez ere Lierni eta Usuerengatik (emaztea eta alaba). Bestela, trankil nago. Bizitza ona izan dut, eta zorteko izan naiz nire familia eta lagunekin. Trankil joango naiz. Hori bai, ez dut nahi gaixoaldia alferrik luzatzerik. Eta ez dut nahi bizitzerik gaitz horrek beste batzuengan eragiten duen gainbehera”.

Hamabi egun egin zituen ospitalean, eta egun haietan adiskidetasun handia egin zuen bere gelakidearekin eta berorren familiarekin. Lierni eta Usue ondoan izan zituen, txandaka, konpainia egiten.

Sei aste gozo

Gezurra badirudi ere, ospitaletik irten eta hil bitarteko sei asteak gozoak izan dira. Bergaran, Elorrion eta Donostian elkartu gara, bazkaltzeko edo kafe baten bueltan, eta berak txantxa egiten zuen, errege bat moduan tratatzen genuela esanez, eta oso gustura sentitzen zela gure artean. Gauza bera Bergarako edo Donostiako lagunekin elkartzen zenean.

Ia egunero telefonoz hitz egiten genuen, eta zer moduz galderari xalo-xalo erantzuten zion batzuetan makaltxo sentitzen zela, edo despistatu samar. Jan, berriz, lehoiek legez egiten zuen, kortikoideen eraginez seguruenik. Baina hori ere, gustura. Tarteka konturatzen ginen gaitzak aurrera egiten zuela, Donostiatik Bergarara etorri zen egun hartan bezala: “Jo, gauean txiza egitera jaiki naiz, eta hor ibili naiz, txotxongilo baten pare, komuna aurkitu ezinik”.

Islandia gogoan

Gaixotu eta gutxira, hasi zen aipatzen hil aurretik Islandiara joango litzatekeela gustura, bertan aurora boreala ikusteko. Aurora boreala elementu zentrala izan zen “Gau Magikoak Munibeko Plazan” ikuskizun diziplinartekoan, 2010eko ekainaren 25ean Bergaran aurkeztu zuena, bertan Ipar Polotik etorritako zisne batek aurora boreala ekarri baitzuen Munibe plazara.

Gogotsu eta ilusio handiz ibili zen bidaia prestatzen Lierni emaztea eta beste hiru lagunekin batera, gaitzak utziko ziolakoan joaten. Azkenean baina, glioblastomak uste baino lehenago jo zuen azken erasoa, eta Ramon iritsi ez Itakara. Hori bai, izugarri gozatu zuen bidaia bera prestatzen.

Bi makulurekin

Amak esaten zigunez, Ramon haur egongaitza izan zen; beti behar omen zuen norbait zaintzen, bestela ezbeharren bat eragiteko gai zen-eta. Mutikotan, berriz, mokorreko desgasteak eraginda, bi makulurekin ibiltzen zen, hanka bat gerrira lotuta. Makulu eta guzti, oso bizkorra zen, hainbeste ze, baten batek burla eginez gero, arineketan hasi eta gai zen burlatia harrapatu eta kaskateko bat emateko.

Zorionez, geroago ez zitzaion gaitz haren arrastorik geratu, eta gaztetan futbolean aritu zen, atezain, Mondra taldeko jubeniletan eta Zaldibarko txapelketetan. Cerrajerako igerilekuan ere berebiziko abilezia zuen tranpolinetik salto egiten.

Lanean eta berriro ikasten

Eskola Politeknikoan maestria eginda, Fagor Elektronikan hasi zen Ramon lanean. Aurrerago baina, gehiago ikasi nahi izan zuen, eta Almenen egokitze ikasturte bat eginda, Deustuko Unibertsitatera joan zen Informatika ikastera. Geroago, ostera, urte mordoska bat egin zituen Fagor Industrialen, Oñatin, eta urte haietan sarri bidaiatu zuen, Fagorrentzako salmenta lanak egiten, Afrikan, Europan eta Latinamerikan batez ere. Azken urteak, aldiz, Fagor Etxetresna Elektrikoetan egin zituen, Arrasaten.

Kolore-eztanda

Txikiak ginela, Ramon oso ona zen marrazten, baina lehen eskola-urte haiek igarota, abilidade hura ezkutuan geratu zen urte luzez. Halako batean baina, 1995ean, artean lanean ziharduela, pintatzen hasi zen denbora librean.

Lehen koadroak figuratiboak izan ziren, pastela teknikaz eginak. Nahiko laster, abstraktora pasatu zen, eta 2008an, hor nonbait, bere estudioa lortu zuenean, akrilikoarekin hasi zen margotzen, eta harrezkero Ramonen lanek kolore-eztanda bat erakutsi zuten. Estudioa sormenerako babeslekua bihurtu zuen eta erakusketak egiten hasi zen: Bergaran, Arrasaten, Oñatin, Donostian… Bakarka eta taldean erakutsi zuen.

Erretiroa 58 urterekin hartu zuen, eta harrezkero bere sormena eta produktibitate artistikoa areagotu egin ziren nabarmen. Pauso bat gehiago eman zuen, laster performanceak antolatzen hasi baitzen. Horien artean inportanteena izan zen “Gau Magikoak Munibeko Plazan”, 2010. urtean Bergaran antolatutako ikuskizuna, non pintura, musika, eta dantza uztartu baitzituen jende pilo baten aurrean. Geroago etorriko ziren “Izar-disdirak”, “Lau parke, lau kolore” eta “Munibe blues”, besteak beste, denak ere Bergaran eginak.

Bergaran, gustura

Ramon Mondragoen jaio zen, Zigarrola auzoan, baina 30 bat urterekin Bergarara joan zen bizitzera bere bikotekidearekin, Lierni Narbaiza, eta han oso gustura bizi izan zen, besteak beste lagun onak egin eta giro egokia aurkitu zuelako arte-sorkuntzarako.

Kategoria: Familia Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

4 erantzun Ramon Aranzabal: dolu-egunak-ri

  1. egilea: Aitor Iturriaga

    Atsalde on, Joxe.
    Sorpresa haundixa eta gogorra hartu naixuan Ramonen heriotzaren barri jazo nauenian. Ez nekixan ondoezik zebilela be. Pena.
    Jatortasun naturala jaukan komunikaziñorako eta pertsona hurbila eitten zuan segiruan.
    Berak margotutako kuadro polit bat jaukat zintzilikatuta etxian. Modu berezixan begiratuko jutzat hemetik aurrera.

    Besarkada haundi bat.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Iñaki. Beste bat zuri.

  3. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Aitor. Pozten nok hik ere badaukaalako Ramonen lan bat etxean. Bizipoza eta edertasuna transmititzen juek. Gure etxekoek behintzat, bai. Besarkada handi bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude