Atzo, apirilak 10, goizeko 10:30ean, SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoa eman zidaten Galdakaoko Ospitalean. Bertan transplantatu multzo handi samar bat geunden, eta Moderna egokitu zitzaigun.
Ostiral arratsaldean jaso nuen Osakidetzaren mezua, hitzordua egin nezan txertoa hartze aldera. (Kasualitatea: bezperan beste mezu bat hartu nuen, esanez egun hartan egindako PCRak negatibo eman zuela). Zur eta lur geratu nintzen, ordurako sinetsita bainengoen AstraZeneca emango zidatela, 60-70 urte artekoen multzoan.
Osakidetzak esandako webgunean sartu, eta hitzordua egin nuen. Banekien, beraz, aipirilaren 10ean izango zela, 10:01ean, baina ez nuen argi nora joan: “Dirección de Comarca Interior” jartzen zuen hitzorduan. Zein izango ote da, neure artean, Durango edo Matiena? Badaezpada Osakidetzara deitu, eta teknikari batek esplikatu zidan Galdakaoko Ospitalea izango zela, asmoa baitzuten bertan txertatzeko transplantatu gehienak. “Zuri hezur-muinaren transplantea egin zizuten, ezta?”, eta nik, baietz.
Egun desiratua
Bego emazteak eraman ninduen Galdakaora —berak joan den asteko larunbatean jaso zuen txertoa, AstraZeneca—, eta aldean eraman dut irakurtzen ari naizen azken liburua, Natalia Ginzburg idazle italiarraren Familiako lexikoa, bertan idatzi nahi nuen-eta lan hori irakurtzen ari nintzen egun batean eman zidatela txertoa.
Ospitalean, jende asko zain, eta txertaketa atzeratuta. Jende mordoa pilatuta, izenak entzuten. Halako batean, langile bat agertu, eta bertan zeuden Osakidetzako langileei esan zien zuzenean barrura sartzeko; jende parrasta bat abiatu zen haren atzean.
Ordu erdiko atzerapenarekin, nire izena esan zuten. Bigarren txertatze-gelara joateko. Pasillo estu batera eraman gintuzten, eta bertan jende piloa zain. Kexuak nire ondoan: “Joder, gutako bat gaixorik etorri bada, positibo piloa aterako dira hemendik”. Ilara nahiko bizkor zihoan, ordea. Halako batean, nire txanda.
10:30ean, ordu erdiko atzerapenarekin, txertatze-gelan sartu, eta, di-da, txertoa jarri zidaten eskuineko besoan: Moderna. Pasilloan hamar minutu itxaron, eta bigarren txertoa hartzeko hitzordua eman zidaten: maiatzaren 10ean emango didate, leku berean.
Kriskitinak baino poziago irten nintzen ospitaletik. Hala ere, garbi utzi nahi dut Modernaren ordez AZ jarri balidate, orduan ere poz-pozik irtengo nintzela.
Autoan, Bego zain. Irribarreak eta zorion-hitzak. Etxera bueltan, Durangon geratu ginen, kafesne bat hartzeko terraza batean. Egun gogoangarria.
Pingback: Txertatuta