Egun hauetan aurkitu dut talde bat, berezia oso. Idazlez eta kazetariz osatua da. Eta berezia da, muturreraino eraman nahi dutelako euren helburua: idaztea, bat ere distrakzio barik. Ez dute nahi Internetik edo ordenagailu askok eskaintzen duten bestelako arreta-zurrupatzailerik, hala nola, bideo-jokorik, eguraldi-iragarlerik edo burtsaren nondik norakorik, batzuk baino ez aipatzearren. Makinaren aurrean jartzen direnean, idazle horiek nahi dute testua sortu, beste barik.
Talde horren beste ezaugarri bat da gorroto dutela Word, Microsoft enpresaren testu prozesatzailea, eta gorroto dute, besteak beste, programak dituen ehunka ezaugarriek ere distraitu egiten dituztelako.
Horregatik, talde esklusibo horrek, zeina batez ere herrialde anglofonoetan aurkitzen baita, talde horrek soluzio ezinago sinpleak bilatzen ditu idazteko. Eta sinpleenetan sinpleena, AlphaSmart teklatua, zeina 2013a ezkero ez da egiten. Hala ere, oraindik saltzen da eBay bezalako online-denda batzuetan, batez ere jarraitzaile sutsu horiei esker.
Zergatik AlphaSmart?
Horra teklatu horren abantailak, taldearen begietan:
- Soilik balio du idazteko. Distrakziorik, ez.
- Oso merkea da, 30 euro inguru.
- Barruan testu-prozesatzaile sinple bat dauka.
- Pantaila txiki bat dauka, bertan irakurtzeko azken lerroak.
- Konekta daiteke Mac, Windows zein Linux ordenagailuekin. Baita zenbait tabletarekin ere.
- Bateriak denbora piloa irauten du.
Kultuzko marka
AlphaSmart teklatuak baditu muga nabarmenak, esate baterako, bertan ezin dira 200 orrialde baino gehiago idatzi.
Hala ere, markaren suak bizirik dirau. Alde batetik, AlphaSmart erabiltzaile talde batek izen bereko talde bat antolatu du Flickr-en, eta bertan egunean bost bat argazki kaleratzen dituzte, erakusteko bakoitzak zelan erabiltzen duen teklatua. Bestetik, eBay online-dendan, bizi-bizi dago AlphaSmart teklatuen merkatua, badago-eta nork saldu eta nork erosi.
Taldea minoritarioa izango da zenbaki abtsolutuei begiratuz gero, baina adierazten du joera bat, gero eta gehiagok bilatzen dituztela soluzio sinpleak idazteko. Puntu.