Gaur Karmele Jaio idazleak ariketa zaila egin du Berria egunkarian: erakutsi du zelan idazten duen, eta horretarako zelako baliabideak erabiltzen dituen. Bi bereziki: koaderno bat oharrak-eta egiteko, eta Microsoft Word testu-prozesatzailea. Ariketa zaila diot, zeren idazle askok ez dute nahi izaten horrelako informazioa ematerik. Horregatik, eskertzen diot Karmeleri bere esperientzia kaleratu izana. Oso gustura irakurri dut erreportajea, Amagoia Ibanek sinatua, eta gorde ere, gorde dut: formatu digitalean, Diigon, eta paperean, badakit-eta behin baino gehiagotan irakurriko dudala.
Karmele Jaio idazle ona da, bere liburu ia guztiak irakurri ditut, eta hasi zenetik eman zidan atentzioa zelako ahalmena zuen, hain gazte izanda, besteen pentsamenduetan eta barne-munduetan sartzeko, bereziki pertsona nagusiena. Beraz, bihoa harekiko dudan miresmena, aurrera egin aurretik.
Word eta kaosa
Goian aipatu dudan erreportajeak izenburua zuen “Kaosa ere kolokan”. Eta kaosa etorri zait burura, ikusi dudanean Karmelek zelan gordetzen dituen bere idatziak Word dokumentuetan. Berak konpontzen du kaos hori dokumentuak karpetetan txukun-txukun gordeta, datak erabilita. Horrela irabazten dio Karmelek kaosari.
Hala ere, pena apur bat eman dit horrelako idazle bat borrokan ikustea Word bezalako programa batekin, gaur egun badaudelako beste programa batzuk, nire ustez askoz ere egokiagoak lan hori egiteko, bereziki idazleentzat diseinatu direlako.
Gaur goizean bertan, lau txio idatzi ditut jarraian, hemen azaldutakoaren berri ematen, eta gauza bera egin dut Facebooken. Arratsaldean, berriz, pentsatu dut hobe dela blog sarrera bat idaztea, gauzak hobeto esplikatzeko.
Scrivener eta Ulysses
Azken aldian bi aplikazio kaleratu dira, Scrivener eta Ulysses, bereziki idazleentzat diseinatuak. Euskal idazleek jakin beharko lukete horien berri, nire ustez badago-eta bizitza Wordetik kanpo.
Desberdinak izanda ere, aplikazio bi hauek zenbait ezaugarri partekatzen dituzte:
- Dena leku batean dago. Sarri askotan ez dugu jakiten non gordetzen ditugun idatzitako dokumentuak. Batzuk karpeta pertsonal batean daude, beste batzuk Dropbox-en, harako hura Google Driven, eta beste haiek, kanpoko disko gogorrean. Buruko-min galanta izaten da aspaldi idatzitako dokumentu bat berreskuratzea. Hori ez da gertatzen Scrivener edo Ulyssesen, horiekin, idazlan guzti-guztiak bertan daudelako. Bilaketa, hortaz, ezinago errazak izaten dira.
- Dena dago sinkronizatuta. Idazle batek ideia bat baldin badauka gauean, eta horren berri apuntatzen badu Ulyssesen, mesanotxeko iPadean, hurrengo goizean, bere mac ordenagailura doanean, hantxe ikusiko du, ideien karpetan, edo idazleak utzi duen tokian. Gauza bera gertatzen da iPhonarekin. (Bide batez, esango dut Scrivener erabil daitekeela Mac, iOS eta Windows sistemetan. Ulysses, ostera, Mac eta iOS sistemetan).
- Idaztearen plazerra. Badakit idaztea lan zaila dela askotan, bakardadean egindakoa, baina bai Scrivenerren eta baita Ulyssesen ere, ahaztu egiten zara negrita, kurtsiba eta gainerako kontuekin, eta zentratzen zara idazten, bestelako distrakzio horiek desagertu egiten dira-eta.
- Kudeaketa erraza. Scrivenerren eta Ulyssesen ezinago erraz kudeatzen da idazlana: zatiak uztartu (nahiz eta fisikoki bata bestetik oso urrun egon), zatitu eta mugitu di-da egiten da, eta inoiz ez da galtzen lan osoaren perspektiba.
- Esportatu, di-da batean. Programa horiek markdown formatua erabiltzen dutenez, idatzitako lanak hainbat formatutan esporta daitezke: testu laua, HTML, docx, epub, PDF…
Aukeratzekotan, zein?
Nik biak dauzkat, Scrivener eta Ulysses. Jon Salaberri liburua, adibidez, Scrivenerren hasi nintzen antolatzen, baina izan nuenean Ulyssesen berri, berau erosi eta bertara pasatu nuen dena, eta hantxe amaitu nuen. Liburua bera, Ulysses erabilita argitaratu nuen, hiru formatutan: epub, mobi eta pdf.
Nik Ulysses erabiltzen badut ere, konturatzen naiz Scrivener egokiagoa izan daitekeela lan luzeak-eta idazteko. Honek karpeta bat dauka proiektu guztietan, “Ikerkuntza” izenekoa, oso-oso erabilgarria bertan gordetzeko idazlan bat hasi aurretik gorde nahi diren elementuak: argazkiak, pdf dokumentuak, web orriak…
Karmele Jaiok eta beste idazle askok hitz egin beharko lukete Ana Malagon eta Eneko Bidegain idazleekin, esate baterako, hauek Scrivener erabiltzen baitute beren idazlanak idatzi eta kudeatzeko. Seguru nago aplikazo berriekin, askoz ere errazagoa litzatekeela kaosa menderatzea.
Pingback: Word-etik kanpo bada bizitza • ZUZEU