Markdown hizkuntza ikasten

MarkdownProba2

Ezkerrean, markdown idazkera. Eskuinean, emaitza. (MacDown aplikazioa erabilita)

Egun hauetan hizkuntza berri bat ikasten ari naiz, Markdown, gero eta gehiago erabiltzen baita idazkuntzan. Ikasten hasi bezain laster, ordea, konturatu naiz orain hamalau urte hasi nintzela hizkuntza horren antzekoa erabiltzen, jakin barik oso ondo zer zen, orduan markatze-sistema hori behar genuen-eta Sustatun testu egituratua sortzeko, alegia, testu aberastua. Garai hartan, blogen hasieran, Luistxo Fernandezek tutorial txukun bat prestatu zigun —gaur egun Azpitituluak.com webgunean dagoenaren antzekoa—, blogeko editoreok ikas genezan zelan erabili testu hutsa zeinu berezi batzuekin, publikatzerakoan HTML bihur zedin. Hori dela-eta, gaur egun errazaagoa egin zait ulertzea zer den Markdown, eta zelan dabilen.

Noiz sortu zen

John Gruberrek sortu zuen Markdown hizkuntza 2004an, eta lan hartan Aaron Swartz-ek asko lagundu zion, antza, sintaxia sortzen. Bien helburua zen erreminta bat sortzea, irakurtzeko eta idazteko erraza, jendeari lagunduko ziona idazten testu hutsa erabilita, eta XHTML edo HTML bihurtuko zena publikatzerakoan.

Word, Pages edo beste testu prozesatzaileekin ez bezala, Markdown hizkuntzan idatzitako testuak erraz parteka daitezke ordenagailu, telefono mobil, irakurgailu eta bestelako tresnen artean. Horregatik, idazteko modu estandarra bihurtzen ari da akedemiko, zientzialari, idazle eta beste askoren artean.

Gaur egun, idazteko aplikazio dezente sortu dira merkatuan, Markdown (edo Multimarkdown) hizkuntza darabiltenak: Scrivener, Writer, Byword, Ulysses, besteak beste. Hain zuzen ere, horiek hobeto ulertzeko hasi naiz ikasten Markdown, horietako bi instalatuta dauzkat-eta ordenagailuan, eta aurrerantzean horiek erabiltzeko asmoa daukadalako.

Alfabeto berezia

Markdowun ikasteko ez da jakin behar HTMLrik. Horregatik, hain zuzen, egiten zaio zenbait jenderi erakargarri. Erabili, berriz, hainbat sinbolo erabiltzen dira, lortzeko letra beltzak, kurtsibak, izenburuak, aipuak, zerrendak, etab. Eta, horiek ondo erabiliz gero, testu hori ikus daiteke hainbat formatutan, erabat formateatuta: HTML, PDF, ePub, Testu hutsa…

Non ikasi

Ez ikaratu, ez baita denbora luzerik behar Markdown ikasteko. Markdown Basics orrian duzue ikasi beharreko sinbolo eta zeinuak.

Nahi izate aldera, aproba egin dezakezue aplikazio hauek erabilita, denak doakoak:

Kategoria: Idazkuntza Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude