Varoufakis, out, baina burua zutik

varr1

Atzo, 2015eko uztailaren 5ean, greziar gehienek EZ esan zioten Europako Batasuneko hartzekodunek Greziari jarritako baldintza multzo umiliagarriari, bere zorra ordain dezan. Garaipen historikoa izan da, Europako Batasunaren historia laburrean lehen herria izan baita neoliberalismo dogmatikoaren kontra altxatu dena, demokraziaren baliabideak erabilita. Lukurreriaren kontra, beldurraren kontra, gezurraren kontra.

Gaur goizean, berriz, jaiki bezain laster, jakin dugu Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak utzi egin duela ministerioa, Europako hainbat goi karguk horixe eskatu baitiote, antza, Greziako lehen ministroari.

Irudikatzen hasita, erraz asma nezake Alemaniako kantzillerrak telefonoa hartu eta hitz hauek esaten Greziako lehen ministroari:

“Zorionak, garaipen harrigarria lortu duzue-eta. Baina segitu nahi baduzue negoziatzen, geuk ere garaipen bat behar dugu. Varoufakis kalera bota behar duzue. Garaipen hori eskaini behar diguzue eseri aurretik. Hortik aurrera, ikusiko dugu”.

Varoufakis, berriz, estilo handiz joan da, dotoreziaz. Bere blogean idatzi duenez —Varoufakis blogaria baita—, bere egitekoa da Alexis Tsiprasi laguntzea etekinik onena atera diezaion Greziako herriak atzo emandako babesari. Bejondeiala Yanis!

Captura de pantalla 2015-07-06 a las 11.39.39

Kategoria: Politika Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude