Atzo kriskitinak baino pozixago itzuli ginen Andoaindik, bertan Julen Iriondo kazetari oñatiarrak sari nagusia irabazi baitzuen Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan, “Jon Salaberri” izeneko dokumentalagatik, Goiena Telebistak aurten egindakoa.
Mondragoetik talde polita joan ginen, Goienak gonbidatuta, tartean Domi Korta eta Aitor Iturriaga, Jon Salaberriren lankidea eta laguna hurrenez urren. Baita Oihane Agirre eta Monika Montero goienakideak, Julenekin batera aritutakoak dokumentala ontzen. Ahaztu barik, jakina, Aitor Izagirre Goienako presidentea eta Eneko Azkarate, bertako edukietako arduraduna. Joan-etorria oso atsegina izan zen, Aitor eta Domi kontalari apartak baitira.
Sari nagusia eman aurretik, eta testuinguruan ipintzeko Julenek eta bere lankideek egindako lana, bideo hau jarri zuten. Bertan azaldu nuen zelan sortu zen Jon Salaberri proiektua eta zelan mamitu zen Goienaren dokumentala.
Ekitaldia amaitu zenean Mondragoetik joandakoak besarkatu egin ginen, emozioz gainezka: pozez Julen eta bere talde gazteagatik, lan bikaina egin baitzuten, eta hunkiduraz Domi eta Aitorren kasuan, ezin hobeto jakinarazi baitigute zelakoa zen Jon Salaberri.
Ondorengo luntxean hainbat ezagun agurtu nituen: aspaldikoak batzuk eta ezagun birtualak besteak. Bazkaria ederra izan zen, ondo jateaz gain, solasa ere oso interesgarria izan baitzen. Barruan eta aire zabalean.
Baina Rikardo Arregi sarietan izan ziren beste hiru saridun, zein baino zein interesgarriagoak: Mikel Ibargoien Garakoa, Gaur 8 gehigarrian emakume kirolarien inguruan egindako artikulu sortagatik. Samara Velte, Berria egunkarian Eskozian izandako erreferendumaz idatzitako artikuluengatik. Eta Iñigo Astiz, Berrian bertan argitaratutako erreportaje sortagatik, abesti ezagun batzuen lekuen inguruan. Informazio osoagoa ekitaldiaz, Goienan. Zorionak denei!
Zorionak zuei guztiei!
Eskerrik asko, Patxi!