Zezenketak eta “tradizio jatorrak”

Zezenak

Aurtengo Aste Nagusian zezenketak itzuliko direla-eta, gauza dezente entzuten ari naiz halako neurria justifikatzeko, baina batek eman dit atentzioa, “zezenak oso tradizio euskaldunak direla, XIII-XIV. mendeetan egiten zirelako”, batek esan zuen moduan Euskadi Irratian.

Erdi Aroko tradizio jatorrak bezain badaezpadakoak

Egia da zezenketak aspaldikoak direla, baita gure artean ere. Baina, horrekin batera, Erdi Aroan izan ziren beste tradizio jator bezain badaezpadako asko. Adibidez:

  • Erregeek eta nobleek, baita Elizak ere, zerga eta hamarren abusiboak kobratzen zizkioten herri xeheari.
  • Erakunde bat zegoen, Inkisizioa, sutara bidaltzen zituena heterodoxia apur bat erakusten zutenak, hala nola uste zutenak Lurra Eguzkiaren inguruan zebilela biraka.
  • Zenbait minoria jazarri egiten ziren, hala nola juduak eta mairuak.
  • Edozein egiaztagiri lortzeko, odol garbitasuna eskatzen zen.
  • Handikiek bakarrik zuten boto eskubidea, eta, handikien artean, gizonezkoek bakarrik.
  • Elizak behartu egiten zituen umea izandako emakumeak “purifikatzera”, berriz ere elizan sartu aurretik.

Hauek guztiak tradizioak izan ziren aspaldi hartan, erabat sustraituak gure artean, baina gaur egun ez daude indarrean, gizarteak onartzen ez dituelako. Zezenketek, ostera, hortxe segitzen dute.

Tratu etikoa

Hala ere, eztabaida gero eta indartsuagoa da, eta Charles Darwinek badu zerikusia horrekin. Jon Sudupe filosofoak idatzi zuen moduan, eboluzioaren teoriak senidetu egin gaitu landareak, animaliak eta gizakiak; parekatu egin gaitu gainerako animalia eta izaki bizidunekin. Ez dago, beraz, animaliak gaizki tratatzeko eskubiderik.

Gaur ere, erabat neure egiten ditut Jon Sudupek idatzitako hitz hauek:

Animaliei ere errespetua zor diegu. Ez diegu alferrikako sufrimendurik eragin behar. Zezenketak, oilar eta ahari jokoak, idi demak eta bestelako jolas edo “kirol” basatiak debekatu beharreko ikuskizunak dira. Tradizioaren aurretik dago tratu etikoa.

Horregatik, ez zait inporta zezenketak oso errotuta egon izana Euskal Herrian. Nik ez dut nahi horrelakorik: ez Donostian, ez Azpeitian, ez Iruñean, ez Gasteizen, ez Baionan, ez eta Bilbon ere, nahiz eta badakidan gure hiriburuak ez direla Oslo edo Stockholm.

Captura de pantalla 2015-06-17 a las 15.24.55

Kategoria: albistea Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Zezenketak eta “tradizio jatorrak” bidalketan

  1. egilea: Patxi Lurra

    Lotsatu beharrean burua ondo altxauta doiaz, paparra puztuta. Ondo ikusita dago ganera, oraindino be, gure uriburuetako zirkulu batzuetan, holako ikuskizunetan parte hartzea. Baita “tradizino” luzeko herri batzuetan be (Azpeitia, Zestoa…). Zein atzerapena!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude