Atzo kontu bat ireki nuen Play Music zerbitzuan, hau ere Googlena. Telefonoan baneukan izen bereko aplikazioa, baina atzo arte, kasurik ere ez. Atzo, berriz, bideo bat ikusi nuen, zelan entzun musika telebistan Chromebook baten bidez, eta nik, telebista ahaztu eta, ez eduki arren ordenagailu mota hori, erabaki nuen probatu egingo nuela nire Chrome nabigatzailean, nire iMac barruan.
Behin Play Music aplikazioa Chromen instalatuta, aplikazioak berak aukera eman zidan bide estandarra edo ordainpekoa hautatzeko, baina bigarren honetan lehen hilabetea doan eskainita, proba gisa. Eta erosi egin nuen lehen hilabetea, 0 euro ordainduta. Ez dakit zergatik, Googlek eskatzen du eragiketa hau ordenagailuan egitea, ez telefonoan.
Aurreko guztia eginda, Ruper Ordorika idatzi nuen bilatzailean, eta Ruperren disko guztiak agertu zitzaizkidan. “Hautsi da Anphora” aukeratu, eta Ruperren lehen diskoa entzuten hasi nintzen. Gero Mikel Laboa, Manel, Yo-Yo Ma, Ken Zazpi, Itzahk Perlman eta abar etorri dira. iMac-ean oso ondo entzuten da musika hau, primeran. Android telefonoan ere, aktibatu egin nuen aplikazioa, eta hor ere musika piloa eskura, nahiz eta entzun, ez den hain ondo egiten, ez bada entzungailuekin.
Hilabete honetan erabili egingo dut Play Music zerbitzua, aprobetxatuta doan daukadala zerbitzu osoa. Hala ere, atzo bertan Google Play dendaren mezu bat jaso nuen postan, esanez urtarrilaren 2an kontrakorik ez badut esaten, luzatu egingo didatela, automatikoki, harpidetza, eta, orduan bai, ordaindu beharko dut, 9,99 euro. Hori ikusita, ohar bat idatzi dut nire egutegian, abenduaren 30ean harpidetza amaitzeko.
Nik Play Music erabili dut proba egiteko. Berdin-berdin egin daiteke Spotify, Pandora, Cloud Player edo iTunes zerbitzuetan. Uste dut denak antzera dabiltzala.